BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Legealdiko Plan berria aurkeztu du. Imanol Pradales foru diputatuak aurkeztu egin du plana, eta honek bost neurri izango ditu.

Neurri horien artean, bideen sare foralaren eta foru-bizikleta bideen diseinua eta eraikuntza; bi sareen kudeaketa eta kontserbazioa; bideen arloko azpiegituren berrikuntza; 7.000 biztanletik beherako udalerrien lurralde-antolamendua eta hirigintzako plangintza; eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Sai guztientzat bideak ez diren azpiegiturak garatzea eta eraikitzea aurkitzen dira.

Hala, bada, Pradalesek nabarmendu du, Aldundiaren barruan, sailak bere gain hartzen dituela azpiegituren arloko planifikatzailearen eta inbertitzailearen rolak, baita lurraldearen eraldatzailearena ere. Halaber, nabarmendu du azpiegituren, hirigintzaren eta lurralde-antolamenduaren kudeaketaren ardura hartzeak hobetu egingo duela arlo horien arteko koordinazioa. Aldi berean, hobetu egingo da politika publikoen eraginkortasuna eta efizientzia, izapideak azkartu egingo direlako eta erabaki estrategikoak eta dagozkien inbertsioak martxan jartzeko epeak laburtu egingo direlako.

Datozen lau urteei begira, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak hiru ildo nagusitan jardungo du: konektibitatea, lurralde oreka eta azpiegiturak.

Konektibitatea

Konektibitatearen esparruan, Bizkaiko irisgarritasuna eta barne-konektibitatea hobetzeko jardutea aurreikusten da, hiriguneei zein jarduera ekonomikoko guneei zerbitzua emanez. Eremu horretan garatu beharreko proiektuen artean Pradalesek Bizkaia Metropolitarraren saihesbide berria aipatu du, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea eta AP-68 errepidearen eta itsasadarraren azpiko tunelaren arteko loturarekin, eta hiriarteko bizikleta bideen sare bat garatzea, eguneroko lanak ahaztu gabe errepideen kontserbazio eta hobekuntzan, beti ere foru bideen sarea zerbitzuan mantenduz.

Aurrekoak konektibitate ukigarriaren ereduak izanik, diputatuak konektibitate ukiezinaren kontzeptua aipatu du sailak agintaldi honetan izango duen jarduketa-lerro gisa, eta adierazi du Bizkaian ezin dela saihestu errepideen kudeaketan teknologia berriak sartzeko joeran parte hartu behar izatea. Aurreratu duenez, bide-sare foralean errepide adimendunaren kontzeptuari lotutako teknologiak sartzeko aukera aztertuko da, besteak beste ibilgailuen arteko komunikazioa eta ibilgailuen eta errepidearen arteko komunikazioa ahalbidetzen duten teknologiak, informazioa denbora errealean ematen dutenak, ibilgailuen fluxuen eta segurtasunaren kudeaketa hobetzeko.

Lurralde oreka

Lurralde orekaren alorrean, Bizkaiko herritar guztien aukera berdintasunean aurrera egiteko helburua adierazi du Pradalesek, eskualdeen arteko aldeak murriztuz. Eremu honetako lehen jarduera-ildoa bideen arloko azpiegituren plangintza eta lurralde-antolamendua diseinatu eta adostea da. Proiektu nagusi gisa, Errepideen II. Lurralde Plan Sektorialaren Foru Araua eta Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plan bat onartzea aipatu ditu, baita Bilbo Metropolitarraren Lurralde Plan Partzialaren hasierako onarpena ere.

Eremu horretan ere, lurralde oreka bultzatuko duten inbertsioak aktibatu nahi dira, lurralde osoko bide-azpiegituretan inbertsioak egiteko bigarren Bidesarea Plana nabarmenduz, baita Meatzaldea, Ezkerraldea eta Enkarterri berrabiarazteko plan estrategikoetan parte hartzea, hiriarteko bidegorriak eraikitzea edo jarduera ekonomikorako lurzoruak sustatzea ere. Era berean, Legealdiko Planak bideen sarearen kontserbazio- eta iraunkortasun-jarduerak jasotzen ditu, hala nola zarataren aurkako neurriak edo errepideen ingurumen-inpaktua arintzeko neurriak.

Azpiegiturak

Azpiegituren arloan, Legealdiko Planak Bizkairako azpiegitura estrategikoak sustatzera bideratutako jarduerak jasotzen ditu, adibidez Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroa, Nagusi Intelligence Center, Ezkerraldeko Parke Teknologikoa edo Energy Intelligence Center, beste erakunde batzuekin lankidetzan edo beste foru sail batzuen enkarguz. Halaber, esparru honetan Bizkaiko Foru Aldundiaren beste edozein azpiegituratarako behar diren inbertsioak gauzatzea ere aurreikusten da, ingurumenaren arlokoak izan ezik, besteak beste suhiltzaileen parkeak, gizarte-zentroak, egoitzak edo elkartegiak.