BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina bat jarri du abian gaur, herritarrak gure lurraldean hondakinen sorrera murrizteko beharraz kontzientziatzeko, 2015ean beherakada bat izan ondoren, iaz arte bildutako kopuruak pixkanaka gora egin duela egiaztatu ondoren. Kanpaina honen bidez, Foru Erakundeak bat egiten du Europar Batasunaren gidalerro berriekin. Gidalerro horiek azpimarratzen dute hondakinen prebentzioa dela biderik onena ingurumen-inpaktua murrizteko eta baliabideen erabileran eraginkortasuna hobetzeko.

Elena Unzueta Iraunkortasun eta Natura Ingurunearen arloko diputatuak kanpaina honen aurkezpenean adierazi duenez, iaz Bizkaian lau urte lehenago baino 70.460 tona hondakin gehiago sortu genituen, eta egunerokotasuneko ohiturak aldatzeko deia egin du, egoera hori aldatzeko helburua lortzeko. "Hondakinen ingurumen-inpaktua murrizteko eta baliabideen erabileran eraginkortasuna hobetzeko biderik onena hondakinen prebentzioa da", azpimarratu du Unzuetak. Era berean, "Bizkaian sortutako hondakinen kopuruak gora egin badu ere, gaikako bilketaren tasa handitu egin da eta gainerako frakzioa murriztu egin da - Hau da, gehiago birziklatzen dugu eta behin betiko baztertzen dugu gutxiago -, egia da ere konpromisoa hartu behar dugula ekoizten ditugun hondakinak murrizte aldera". "Hori da Europak adierazten duena, bere estatu kideak hondakinen sorrera prebenitzeko neurriak hartzera animatzen dituena. Eta hori adierazten digu, baita ere, sen onak. Gizarte iraunkorragoa nahi badugu, gure ingurumena, gure planeta babestu nahi badugu, sortzen dugun hondakin kopurua murriztu behar dugu. Filosofia horrekin sortu da '3, 2, 1, 0 hondakin' kanpaina. Lehenik eta behin, gogoeta egitera gonbidatzen zaitugu: ea benetan behar duzun erosi behar duzun hori, ea paper, kartoi edo plastikozko geruza askorekin enbalatuta joan behar duzun; ea arropa horrek edo bota behar duzun tresna horrek ezin duen bigarren erabilerarik izan, ea erosten duzun hori eginda dagoen materiala birziklagarria den? Hausnarketa horretatik ateratzen dira kanpaina honetan ematera gonbidatzen ditugun gainerako urratsak. Lehena eta funtsezkoa, murrizketa. Bigarrena, berrerabiltzea, eta gero, birziklatzea", nabarmendu du Iraunkortasun eta Natura Ingurunearen arloko diputatuak.

Kanpaina, bi fasetan

'3,2, 1, 0 hondakin' da kanpaina honen leloa, eta bi fasetan antolatuko da. Lehenengoa orain abiatzen da, eta, kale eta espazio publikoetan jarritako bi ikusizko elementu deigarriren bidez, herritarrek gai horren inguruan duten kontzientzia piztu nahi du. Elementu horietako bat benetako edukiontziekin egindako edukiontzien 'bilduma' bat izango da, eta kanpainaren irudiarekin apainduta egongo da; bertan, umorea erabiliz, sortzen ditugun hondakinak murrizteko deia egiten da, eta hori lortzeko aholkuak ematen dira. Beste elementuak gaur egun hondakin zati desberdinak biltzeko erabiltzen ditugun edukiontziak erakusten ditu, eta bigarren gordailu bat, askoz txikiagoa, iraunkortasuna lortzeko eta planeta zaintzeko hondakinak sortzeak izan beharko lukeen beheranzko bilakaera adierazten duena.

Bi elementu horiek hainbat gunetan kokatuko dira datozen hilabeteetan, hala nola Euskalduna Jauregiko zabalgunean edo Bilboko Metroko San Mameseko eta Euskotreneko Zazpi Kaleetako geltokietan.

Bigarren fasean (fase hori 2020ko urtarrilean hasiko da), Bizkaiko ikastetxeetara iritsiko da kanpaina, kontsumo arduratsuko ohiturak sustatzeko eta hondakinak murrizteko erronkak planteatzeko tailerrekin eta jarduerekin. Astebetez, kanpaina honekin bat egiten duten ikastetxeetan gai horretan espezializatutako langileek hasierako hitzaldia emango dute, eta aldi horretan garatu beharreko hainbat jarduera proposatuko dira. Datozen asteetan, ikastetxeei kanpainaren programaren berri emango zaie, 2019-2020 ikasturteko azken seihilekoan programarekin bat egin dezaten.

'3, 2, 1, 0 hondakin' izeneko kanpaina familiari ere hurbilduko zaio urriaren 12an, 'Izan EITB' jaian egongo den stand batekin. Stand horretan hainbat tailer egingo dira, hala nola musika-tresnak hondakinekin egitea, eta sortzen dugun hondakin kopurua murrizteko informazioa eta aholkuak emango dira.

Kanpaina hori Bizkaiko Foru Aldundiaren standaren irudia ere izango da ISWA World Congress 2019an; 80 herrialdetako 1.200 pertsona baino gehiago bilduko ditu Euskalduna Jauregian, hondakinen kudeaketa integral eta iraunkorraren arloko joera eta teknologia berriak aztertze aldera.