BILBO. Hirugarren ediziorako, BECek bi ibilbide prestatu ditu. BEC! Bistak da lehenengoa, eta, hari esker, bertaratuek batzarretarako BEC dorrea ikusi ahal izango dute, diseinuzko kongresu-zentro moderno, eroso eta funtzionala. 18.000 metro karratuko azalera du, erabilera anitzeko hainbat aretotan banatuta; aretoek 20 eta 2.500 lagun artean har ditzakete. Dorreko jatetxean eta zabaltzan hasiko da bisita; han, pabiloiak nola banatuta dauden azalduko da, eta eguzki-plakak ikusi ahal izango dira, BECek jasangarritasunarekin duen konpromisoaren erakusgarri. Batzarretarako aretoak ikusi ondoren, bulegoen dorrea ikusiko da; bertako terrazatik, ikuspegia zoragarria da, hondoan aireportua, UPV/EHU eta Abra dituela. Ibilbide hau ez da egokia mugikortasun urriko pertsonentzat.

Bigarren ibilbidean, Bizkaia Arenaren egunerokotasuna ikus dezake jendeak. Erabilera anitzeko Espainiako pabiloi handiena da; 18.000 lagun har ditzake, eta era guztietako ekitaldiak antolatzen dira bertan: kontzertuak, kirol-ikuskizunak? Harmailak mugitzeko duen sistemari esker da hain moldaerraza. Bisitariek lehen eskutik ezagutu ahal izango dituzte eremu guztiak; besteak beste, harmailak, pista, eta oihal atzekoa eta kamerinoak.

Barakaldok eta BECek iaz egin zuten bat Open House jaialdiarekin, aurreko urtean Bilbon egin zelarik lehen aldiz. Arkitekto-talde batek osatutako irabazi-asmorik gabeko OUT elkarteak antolatzen du jaialdia, eta Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko eta Barakaldoko udalen babesa du, baita, aurten lehen aldiz, Leioako eta Getxoko Udaleena ere. Beste urteetan bezala, itsasadarrak lotuko ditu udalerri horiek historian eta tradizioetan zehar.

Open House jaialdiaren hirugarren edizioan, orotara Bizkaiko 81 eraikinek baino gehiagok zabalduko dituzte ateak, herritarrek normalean ikusi ezin dituzten edo ezagutzen ez dituzten tokiak ezagut ditzaten. Azken batean, jai-giroa izango da nagusi asteburu horretan (irailak 28 eta 29), eta hirietako arkitektura, hirigintza, kultura eta historiaren garrantzia azpimarratuko da.

Open House ez ezik, Bilbao Exhibition Centre-k bisita gidatuen programa propio bat ere eskaintzen du 2015eko abendutik, eta, urte hauetan guztietan, bi milako bisitari inguru izan ditu dagoeneko.

Ibilbideak ordu eta erdiko iraupena du. Bisitan, bideo bat proiektatzen da, eraikina nola egin zen erakusteko, eta, amaitzeko, BECeko bulegoen dorrea ikusten da, normalean jendeak ezin baitu bertara igo; hain zuzen, gune hori baloratzen dute gehien bisitariek. BECeko bisita gidatuen edizio berria urrian hasiko da; hortaz, laster zabalduko da izena emateko epea, bai banakakoen bisitetarako, bai taldeen bisitetarako.