Bilbo - Preskribatu ez diren ekitaldietan Gizarte Segurantzaren amatasun eta aitatasun prestazio guztiei ere aplikatuko zaie Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) ordaintzetik salbuesteko aukera. Onartutako aldaketak berariaz sartzen ditu itzultzeko eskaera ezestearen ondorioz irmo bihurtu diren PFEZaren aitorpenak. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak 2019ko aurrekontuei buruzko Foru Arauaren 45. artikulua aldatzen duen foru-arauaren aurreproiektua onartu du. Horren bidez, irtenbide bat proposatzen du Foru Ogasunak 201 aitorpeni dagokiena itzul diezaien; guztira, 300.000 euro, gutxi gorabehera.

Orain, proposamena Batzar Nagusiei bidaliko zaie, eta, onartzen bada, Foru Ogasunak irmo bihurtutako 2014-2017 aldiko 201 aitorpeni atxikitakoa itzuli ahal izango du, Auzitegi Gorenak Gizarte Segurantzak amatasunaren ondoriozko prestazio publikoak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga ordain-tzetik salbuetsita daudela legezko doktrina gisa ezarri baino lehen ukatu baitziren.

201 amatasun eta aitatasun prestazio horietan atxikitakoaren ondorioz, 300.000 euro inguruko zenbatekoa itzuli beharko da. Kopuru hori 2014. eta 2017. urteen artean jasotako prestazioen ondorioz Foru Ogasunak itzulitako 45,5 milioi euroko kopuruari gehituko zaio. PFEZaren 43.704 likidaziori dagokie zenbateko horrek. Halaber, 2018an prestazio horiek direla eta atxikitakoa azken errenta-kanpainan itzuli da. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, errenta salbuetsitzat jotzen dira; beraz, ez zaie atxikipenik egiten.

Aldundiak Batzar Nagusietara bidalitako proposamena onartzen bada, Bizkaiko Ogasunean dagokien eskabide-eredua aurkeztu duten zergadunek ez dute beste izapiderik egin beharko. Erreserban dauden 201 eskabide horien kasuan, Foru Ogasunak izapidetuko ditu, proposatutako neurria gaitu ondoren. Eskabidea aurkeztu ez dutenen kasuan, Ogasunak gaitutako prozeduraren bidez egin ahal izango dute eskaera. Horrez gainera, amatasun eta aitatasun prestazioen ondorioz tributatutakoa itzultzeko eskatu ez dutenek eskaera aurkezteko aukera izango dute likidazioa preskribatu arte. - DEIA