BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak Labayru Fundazioari 260.000 euroko laguntza emango dio euskararen eta kultur ondarearen arloan egindako jarduerengatik, horien zati bat finantziatu nahian.

Bizkaiko Foru Aldundiak euskara eta, bereziki, Bizkaiko euskara sustatzeko lanean dihardu eta Bizkaiko Lurralde Historikoan euskararen alde lan egiten duten erakundeak babesten ditu. Hala, Foru Erakundeak beharrezkotzat jotzen du era guztietako kultur ekimen interesgarriei laguntzeko neurriak bultzatzea, bereziki euskal kultura balioestera zuzenduta daudenak.

Gauzak horrela, Foru Erakundeak 260.000 euro zuzenduko dizkio Labayru Fundazioari; izan ere, fundazio horrek sorretarik lan eskerga egin du Bizkaiko euskararen arloan eta bere estatutuetan lehentasunezko xede gisa jasotzen du euskal kulturaren balioak garatzeko eta eguneratzeko lan eta zerbitzuen sustapena. Labayru Fundazioa erreferentziazko erakundea da hizkuntz politikaren eremuan Bizkaiko Foru Aldundiarentzat. Haren jarduketa eremurik garrantzitsuenak honakoak dira: euskara eta euskal literaturaren ikerkuntza eta irakaskuntza, euskararen erabilera normalizatzeko planak, itzulpengintza, herri ondarea jasotzeko zeregina eta etnografia.

Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntza zuzenduta dago Labayru fundazioak euskararen erabilera soziala eta kultur ondarea sustatzeko garatzen dituen jarduerak partzialki finantzatzera.Labayru Fundazioa

Labayru Fundazioa 1977an sortu zen euskara eta euskal kultura ikertzeko, sutatzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Helburu horiek bete nahian, bere zeregina betetzen du hainbat arlotan, hala ikerkuntzan nola zabalkundean: irakaskuntza, itzulpengintza, herri ondorearen bilketa, euskararen erabilera normalizatzeko planak, etnografia, lexikografia?

Labayru Fundazioa Bizkaian berba egiten den euskararen erreferentziazko erakundea da eta hainbat eta hainbat arlo jorratzen ditu: normalizazioa, ikerkuntza, sustapena, corpusak biltzeko eta prestatzeko zereginak, erabilera jarraibideen sustapena, material didaktikoaren eta ikas materialaren sorkuntza...

Haren eginkizunetariko bat zerbitzuak ematea da: alfabetatze eta euskalduntze eskolak, itzulpenak, euskara erabiltzeko planak. Baina, gainera, ikerkuntzara zuzendutako zentroa da eta, bereziki, euskara, literatura, etnografia eta bibliografia aztertzen ditu. Bi jarduerek zuzeneko zerikusia dute; izan ere, ikerketaren emaitzak zerbitzuei ezartzen zaizkie eta, gainera, argitalpenen oinarria dira.