Bilbo - Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak mintegi bat antolatuko dute datorren asteazkenean, uztailaren 17an, Bilbon, euskara biziberritzen jarraitzeko bide berriez gogoeta egiteko asmoz. Topaketa Sabino Arana Fundazioaren egoitzan izango da, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak irekiko du, eta 50 bat aditu, soziolinguista, unibertsitateko irakasle, hizkuntza politiken arduradun eta euskalgintzako ordezkarik parte hartuko dute. Sabino Arana Fundaziotik adierazi dutenez, euskarak aurrerakada handia izan du azken hamarkadetan, eta aurrerakada horren arrazoiak ugariak eta askotarikoak izan dira, besteak beste, euskararen batasuna; askotariko elkarte eta erakundeen aldetik eginiko lan kementsua, gizartearen parte hartzea sustatuz; edota euskararen lurralde batzuetan euskarak lortu duen ezagutza, bai eta herri erakunde batzuetatik sustaturiko hizkuntza politika eraginkorrak ere. “Egun, euskara biziberritzen jarraitzeko, gero eta zabalduago dago biziki garrantzitsua dela pasa den mendean kontuan harturiko jarraibideak, hona ekarri gaituztenak, egoera berrira egokitzea eta gaurko zein biharko beharrizanak aurreikusiz ezagutzaren aldeko jardunetik erabilerara jauzi eginez, maila eta esparru guztietan.

Zupiriaren hasiera ekitaldiko hitzaldiaren ostean, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak “EAEko herri langileak: euskara jakitetik euskara erabiltzera”, hitzaldia eskainiko du. Go-tzon Lobera itzultzailea moderatzaile arituko da hi-tzaldiaren ondoko galderen txandan. Jarraian, Joseba Lozano Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normaliza-tzeko zuzendariak eta Natxo Mosteiro Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normaliza-tzeko Zuzendaritzako Hizkuntza Plangintzako arduradunak gogoeta egingo dute Euskadiko toki erakundeetan euskararen erabilera sustatzeko bide berriei buruz. Amaia Jauregizar Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoko ikertzaileak moderatzaile jardungo du. - DEIA