BILBO. Oraingoan, paziente helduak egon ohi diren guneak humanizatu dira; hain zuzen, Onkologia Medikoko Zerbitzua eta Hematologia Zerbitzua (1. solairuko E eremuan) eta Endokrinologia Zerbitzua (kanpoko kontsulten eraikuntzako 1. solairuan).

Onkologia Medikoko eta Hematologiako solairuan, lehen, bi espazio bereizi zeuden, baina, erreforma egin ondoren, bi guneak batu dira, eta gelak itxura garbiagoa dauka. Gainera, behar denean, ate lerragarri baten bidez bereiziko dira espazioak. Dekorazioa funtzionalagoa eta erosoagoa da, atseden hartzen laguntzen du eta ospitaleratuta dauden pazienteen senideen egonaldia erosoagoa egiten du.

Alde batetik, egongela bat egin da, ia 20 metro karratukoa. Bertan, erlaxatzeko gune bat atondu da, non sofa bat, telebista, irakurketa-gune bat eta jangela bat, sukalde txiki batekin, dauden. Eta, bestetik, dolu-gela bat, 16 metro karratukoa; eremu lasaia da, senideek atseden hartzeko aproposa.

Solairu horretan 39 ohe daude; urtean 1.100 lagun baino gehiago ospitaleratzen dira, eta egonaldiak, batez beste, zazpi egunekoak dira. Gune hori atseden-aretoa erabiliko duten senitartekoek dituzten beharrei erantzuteko diseinatu da, hau da, atseden hartu, erlaxatu, deskonektatu, jan, hitz egin eta halakoetarako.

Bestalde, Endokrinologiako kontsultak zaharberritu dira (urtean ia 11.000 paziente joaten dira kontsulta horietara). Ikeak, zehazki, hezkuntza-gelan eta Endokrinologiako Eguneko Ospitaleko kontsultan (kanpoko kontsulten 2. eraikinean) egin ditu aldaketak. Guztira 45 metro karratu zaharberritu dira, eta hezkuntza-gela erabilpen anitzeko gune bihurtu da; esaterako, terapia egiteko eta lan egiteko. Zaharberritze-lanak bi gune bereizita egin dira:

? Alde batetik, officearen eremua, zeinak sukalde txiki bat eta jangela dituen, eta hezkuntza-eremua, non pazienteekin lan egiteko mahai handi bat, lan egiteko bi toki eta biltegiratzeko toki bat dauden.

? Eta, bestetik, kontsulta-eremua.

Eremu guztietan jarri dira apaingarriak, ingurunea atseginagoa eta koloretsuagoa egiten duten koadroak, elikadura egokiarekin lotutako irudiak, pazienteentzat lagungarriak izan daitekeen informazioa jartzeko panel imanduak, informazio interesgarria, etab.

Beste behin, Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESIaren eta Osakidetzaren erronka pazientea aintzat hartzea izan da, humanizazioan eta halako gai funtsezkoetan aurrerapausoak emateko, eta, Ikeak egin duen apustuarekin batera, posible izan da bi erakundeen arteko elkarlana, zeina Gurutzetako Ospitaleko atseden-aretoaren dekorazioan gauzatu den.