BILBO. Zerbitzua atzo goizean aurkeztu zen Laidatxuko hondartzan (Mundaka) eta bertan izan ziren Txema Alonso, Bidaideak-eko koordinatzailea, Unai Gangoiti, Ingurumeneko foru-zuzendaria, eta Ixone Zubieta, BBK-ko Gizartaratze arloko arduraduna.

Programa honek arreta-gune bereziak ditu Bizkaiko sei hareatza jendetsutan: Plentzia, Ereaga (Getxo), Isuntza (Lekeitio), Astondo (Gorliz), Arrigorri (Ondarroa) eta Laidatxu (Mundaka), Bizkaiko kostaldean estrategikoki banatuak ekialdetik mendebaldera. Behar bezala prestaturiko begirale-talde batek uda osoan erabiltzaileen esku jarriko ditu zenbait laguntza tekniko, bereziki diseinatuak hareatzetan eta ingurune urtarrean erabiltzeko.

Programa honek aisialdi inklusiboko baliabide batez hornitu gura ditu hondartzak, hauetaz gozatu ahal izatea bermatzeko herritar guztiei, eta mugitzeko arazoak dituztenei ere bai, noski. Udan mugikortasun murriztuko jendeari Bizkaiko hondartzetara joatea eragozten dioten oztopoak gainditzea da programaren helburu nagusia.

“Hondartza Denontzat” programa partekatua da, BBK Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkarrekin finantzatua, eta Bidaideak-ek, irabazi asmorik bako erakundeak, kudeatua. BBKren Gizarte Ekintza arduratuko da programa gauzatu eta dinamizatzen duten 21 begiraleen pertsonal-gastuak ordaintzeaz; ordutegia 11:00etatik 19:00etara izango da, uztail eta abuztuko egun guztietan.

Bestalde, foru-erakundea azpiegituraren atalaz arduratuko da. Beharginek 30 aulki izango dituzte uretako gurpilekin (9 mendekotasun arineko indizeak dituztenentzat, 15 mendekotasun ertaineko jendearentzat, eta 7 mendekotasun handiko pertsonentzat); 70 makulu-pare berezi hondarretan ibiltzeko; eta 4 garabi hidrauliko, batez ere mugitzeko arazo larriak dituzten erabiltzaileak errazago mugitu ahal izateko begiraleek. Hondartza bakoitzean, gainera, erabiltzaileen premiak asetzeko beharrezko azpiegitura dago laguntza-guneetan: zurezko plataformak, karpak, aulkiak, mahaiak, WC egokituak eta aldagelak.

Zerbitzua handiagotuz joan da denborarekin. 2004an hasi zen proba pilotu gisa bi hondartzatan, eta, gaur egun, "Hondartza Denontzat" programa sei hareatzatan dago jada. Urtetik urtera gero eta gehiago erabiltzen da.

Proiektua osatzeko garraio egokituaren zerbitzu berezia dago, Bidaideak-ek kudeatua uztail eta abuztuko egun guztietan, horrela, kostaldeko leku horietara joateko aukera ematen zaie mugitzeko zailtasun handiena dutenei.

Halaber, Bidaideak-ek programa garatzea errazten du Areatzako hondartzan (Muskiz), beharrezko laguntza tekniko guztiak maileguan utziz. Hareatza honetan programa kudeatzea bertako Udalaren eskuduntza da.