BILBO - Maiatzaren 21a egun anomaloa izan zen. Eguraldi kaskarraren eraginez, Ibilaldiak minimo “historikoa” markatu zuen Lekeition. “Azken asteak gogorrak izan dira, ez zirelako genituen aurreikuspenak bete, eta ikastolak galera ekonomikoak izan zituen”, aitortu zuen Ainara Ikaranek, Lekeitioko Azkue Ikastolako lehendakariak balantzea egiterako orduan. Galerak nabariak izan badira ere, euskal komunitatearen erantzunaren berehalakotasuna eskertu egin zuen ere Ikaranek: “Laguntza ekonomikoaz gain, asko izan dira euren burua lanerako eskaini dabenak eta euren kultur ikuskizunak kobratzeari uko egin dietenak ere”.

Esker ona izan zen hain zuzen ere atzo goizean Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egindako agerraldiaren oinarria. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko zuzendariak azaldu zuen maiatzarem 19ko euriteak “elkartasun-olatu” bat higiarazi zuela Euskal Herriko txoko guztietatik. Laguntza “anomaloa” proiektu “anomalo” batentzat. Izan ere, esana desegiten daramatza urteak eta urteak Ikastolen Elkarteak, ezarritako x eta y-tik (publiko/pribatu) harago, herri mugimendutik abiatutako alternatiba bat dagoelako. “Elkartasun adierazpen erraldoi honek indarra ematen digu gure proiektuak sendotzen jarraitzeko, zorioneko anomalia izaten jarraitzeko”, azaldu zuen Tellituk.

Plaza ezagun batera egingo du jauzi hurrengo urtean Ibilaldiak, hirugarren aldiz Elorriora helduz. Heltzeaz hitz eginda, Hel da 2020ko Ibilaldiaren leloa, iragan udaberrian sortu zena logoarekin batera. Biak ekoitzi ziren ekitaldiaren antolatzaile den Txintxirri Ikastolak iragan udaberrian burututako lan saio batean. “Irakasleek euskara, elkartasuna, ingurumena eta ikastolarekin lotutako hainbat kon-tzeptu aipatzen genizkien lauzpabost urteko umeei, eta haiek, halako berbak entzunda, marrazkiak egiten zituzten”, azaldu zuen David Cobos Txintxirri Ikastolako zuzendariak logoaren ekoizpen prozesuaren harira. Leloaren sorkuntza eginbideari dagokionez, umeak marrazkiak egiten zeuden bitartean, gurasoak leloak edo esaldiak “proposatzen, lantzen eta garatzen” ibili zirela argitu zuen Cobosek.

Bien bitartean, Eider Barrena Txintxirri Ikastolako lehendakariak Txintxirriren filosofiari so eginez lan egiten jarraituko zutela baieztatu zuen, hots, “arduraz hezi eta nortasunez hazi”-z. 2020ko Ibilaldia Txintxirri Ikastolaren 50. urteurrenarekin bat dator, eta zalantzarik gabe, Ikastola, “horri heltzen” ibili zaio beti. “Horri eusteko” gai izango ote zaio eguraldia hurrengo urtean?