BILBO. Feroz Sarien antolatzaileek publikoarentzako aforoa handitu dute, hilaren 4an salgai jarri zituzten 1.400 sarrerak agortu ondoren. Izan ere, hamar egun barru Bilbon egingo den sari-banaketarako azaldu den ezohiko eskariaren harira, beste 1.000 eserleku eskaintzea erabaki dute. Sarrera berriak 10 euroko prezioan eros daitezke webgune honetan: www.feroz.es.

2019ko Feroz Sarien gala urtarrilaren 19an egingo da Bilboko Arenan, 22:00etatik aurrera, Ingrid García-Jonsson antzezle ezagunak aurkeztuta. Aurten, film dramatikorik onenaren Feroz Sariko hautagaiak “El reino” (10), “Quién te cantará” (8), “Todos lo saben” (6), “Petra” (5), “Carmen y Lola” (4) eta “Viaje al cuarto de una madre” (4) dira. Komediako filmik onenaren atalean daude “Campeones”, lau sarirako hautagai izanik, “Casi 40”, “Mi querida Cofradía”, “Superlópez” eta “Tiempo después”.

Telesailetan nabarmentzekoak dira “Arde Madrid” zazpi hautagaitzarekin, gero “El día de mañana” bostekin, “Paquita Salas” eta “Vergüenza” laurekin, “Fariña” hirurekin, “La peste” (2), “Élite”, “Gigantes”, “Mira lo que has hecho” eta “Vis a vis”.

OHOREZKO FEROZ SARIA

Ekitaldiaren unerik berezienetako bat José Luis Cuerda zuzendari, gidoilari eta ekoizleari Ohorezko Feroz Saria ematerakoan iritsiko da. Zinemagileak 40 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta lanei dagokienez, honako izenburu hauek nabarmendu daitezke: “Amanece que no es poco”, “El bosque animado” edo “La lengua de las mariposas”. Cuerda, halaber, gaur-gaurko pertsonaia dugu abenduaren 28an estreinatu duen “Tiempo después” filmak izan duen arrakastagatik.

Berriemaile Zinematografikoen Elkarteak (AICE) 2014tik antolatzen ditu Feroz Sariak. Talde plural horretan daude telebistan, irratian, prentsan eta Interneten zinemari buruzko informazioa ematen duten 200 kazetari eta kritikari baino gehiago. Oraingoan, Feroz Sariek Bilboko Udalaren babesa eta L’Oréal Professionnel eta Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) laguntza daukate.