BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDELek bi erakundeen arteko lankidetzarako esparru-hitzarmena onetsi dute, Bizkaian dauden udal-titulartasuneko 15 egoitza-zentroei eragiten diena. Hitzarmenak EUDELen Bizkaiko Lurralde Batzordearen onespena jaso zuen apirilaren 7ko ohiko bileran. Organo hori, hain zuzen ere, tokiko ordezkaritzarako eta erabakiak hartzeko organoa da lurraldean. Hitzarmenak, ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluaren onespena jaso zuen apirilaren 11ko bileran.
Esparru-akordio hau 2020. urteko ekitaldira arte egongo da indarrean, udal titulartasuneko eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza-zentro guztien arteko harremanak arautuz. Urtero isilbidez luzatutzat hartuko da. Era berean, udal eta foru ordezkariz osatutako Jarraipen Batzorde bat izango du, eta gutxienez, urtean behin bilduko da, bi alderdien erakunde arteko lankidetza-tresna den neurrian.
Bi erakundeek onartutako testuan 14 udalen eta Mankomunitate baten[1] borondatea jasotzen da, eta bi norabidetara aurrera egiteko aukera ematen duen beste urrats bat ekartzen du:
? Lehendabizi, Bizkaiko Foru Aldundiarekin adostutako lankidetza-esparru egonkorra, udal titulartasuneko egoitza-zentroetan mendekotasun-egoeran dauden adinekoei arreta emateko.
? Bigarrenez, Udalek/Mankomunitateek zentro horietako erabiltzaileei arretarik onena eta kalitatezko zerbitzuak ematen jarraitzeko duten lehentasunari erantzuteko aukera ematen du, Zorroaren Dekretua garatzearekin eta Bizkaiko lurraldeko Prestazio eta Gizarte Zerbitzuen Mapa zabaltzearekin bat datorren metodologia baten bidez.
Akordio honi esker, II. edo III. mailako mendekotasuna aitortuta duten pertsonak, hala nahi baldin badute, udal titulartasuneko egoitza-zentroetan egon ahalko dira, foru finantzazioarekin. Horrela, haien arretarekin jarraituko dutela bermatuko da, eta horri esker, halaber, mendekotasun-egoeran dauden pertsonek zer zentrotan nahi duten artatzea aukera dezakete.
Hori guztia Bizkaiko Lurralde Historiko Zorroaren Dekretua garatzearekin eta Prestazio eta Gizarte Zerbitzuen Mapa zabaltzearekin bat datorren metodologia baten bidez gauzatu da.
Esparru-akordioaren arabera, egoitza-zentroetako titularrak diren udalek eta mankomunitateek apirilean zehar gauzatuko dituzte akordioak Foru Aldundiarekin. Horrela, prozesua amaituko da.
EUDEL, lurraldeko udalerrien bozeramaile eta ordezkari gisa, udaleko gizarte-zerbitzuak zabaltzeko prozesua koordinatzeaz arduratzen aro da udalekin batera, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza sailaren lankidetza estuarekin.
Udalerri bakoitzaren abiapuntuko egoera eta jarduera berezi eta desberdinak kontuan hartuz, lurraldean Gizarte Zerbitzuen Sistema zabaltzeko, eta etorkizunean denboran zehar garapen iraunkorra izan dezaten eta etengabe hobe daitezen beharrezkoak diren laguntza teknikoa eta aholkularitza juridikoa jarri dira tokiko erakundeen eskura.
Lan-metodologia
Udal titulartasuneko egoitza-zentroen kasu jakinerako Bizkaiko Foru Aldundia eta EUDEL batera aritu dira komunikazio, kontraste eta partaidetza-laneko metodologia bat koordinatzen. Horrela, egoitza-zentroetako titularrak diren 15 udalek eta mankomunitateak beraien ekarpenak egin ahal dituzte, eta azkenean esparru-akordio hau gauzatzea posible egiten duten beharrezko adostasunak lortu dituzte.