Mungia - Mungiarrek euskaraz bizi nahi dute. Argi eta garbi azaldu zuten atzo Euskal Pizkundeko etorbidean abiatu zen Euskaraz bizi nahi dut herri martxan parte hartu zuten guztiek. Ehundaka mungiar aritu ziren arineketa honetan, ume, gazte zein heldu.
Eguerdiko hamabietan hasi zen lasterketaren bitartez euskaraz bizitzeko nahia sustatzeaz gain, “kirola egitearen garrantzia eta talde lana” indartu nahi dira, Euskaraz bizi nahi dut ekimenetik diotenez. Izan ere, ez da Mungiakoa urtero egiten den martxa bakarra, eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren arabera irailaren 20tik abenduaren 20ra bitartean hainbat herritan antolatuko dituzte, besteak beste, Azkoitia, Barakaldo, Baztan, Bermeo, Ea, Errenteria, Lazkao, Igantzi, Markina eta Pasaian.
Ibilbidea esan bezala Euskal Pizkundeko etorbidean, hau da, udaletxe aurrean hasi zuten euskaltzaleek, gazteenek “Euskaraz bizi nahi dut” pankarta eskuetan zutela. Alkartasuna kaletik Butroirantza abiatu ziren, Lauaxeta kaletik gero Neurketa eta Berteiz zeharkatzeko, eta Elordugoitiatik jo Bentadesetik igotzeko, Trobika pasatu eta Goietako errotondaraino helduz. Handik, Sabino Arana bajatuta, Aita Elorriaga kalea hartu zuten korrikalari zein ibiltariek eta berriro ere Matxin plazara jo zuten.
Horrez gain, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilurako dirua biltzeko asmotan, kamiseta salmenta ere izan zen Matxin eta Foruen plazen bitartean, aste osoan zehar udal kiroldegian ere kamisetok erosteko aukera egon delarik.
Parte-hartzaileak gogotsu agertu ziren martxan parte hartzeko. Aurtengo San Pedro jaietako gaztetxoen kartel irabazlearen egilea ere, Iratxe Barcina bertan izan zen, euskararen alde. - I. Gaztañaga