EA - Goizeko 11:00etan piztuko dute Eako Bedaroa auzoko Etxebarri baserriko karobia antzinako eran egiten zen moduan karea egiteko. 90 urte erabili gabe egon eta gero, 2012an berreskuratu zuten auzolanean herritarrek.
“Baserriko lanetan tinko jarraitzen duten” auzotarrak arduratuko dira karobiari sua emateko lan horretaz, baina horren aurretik karobien erabilerak eta kareak baserrietako antzinako zereginetan zuen garrantziari buruzko berbaldia izango da. Hain zuzen ere, kare-esnea egiteko, soloan ongarri moduan, kortak desinfektatzeko, arrautzak kontserbatzeko edota fruta arboletan botatzeko erabiltzen zen.
Egun eta gau guztian zehar bisitatu ahalko da karobia, prozesua betratik bertara jarraitzeko eta datorren igandean, hilak 27, batuko da bertako uzta, 13:30etik aurrera. “Antzina egiten zen eran hau ere, piztu eta aste batera ateratzen zen kare bizia”, jakinarazi dute. - I. Alberdi