Ondarroa. Uholde urdinak Ondarroako kaleak hartuko ditu hamalaugarren aldiz Zapato Azule jaiarekin. Egun guztian zehar hainbat ekitaldi izango dira Radixu Irratiak arrakasta itzelarekin antolatzen duen jaian. Bertan, besteak beste, ohiko Euskal Herriko Kamiseta Azoka ere izango da Latxanbre plazan, 11:00etatik 15:00etara, aurten 24 saltzaile izango direlarik.
Egitaraua Dinamartxarekin hasiko da, izan ere Dina Bilbao zenaren omenezko martxa egitera doazenak 7:00etan aterako dira autobusean Itsasaurretik ibilbidea hasiko den Tolosarantz. Handik 9:00etan aterako dira errepidetik etorriko diren 180 txirrindulariak -50ek menditik egingo dute gaur gauean hasita-, Ondarroara 14:00etan heltzeko.
Jaiaren hasiera, halere, eguerdian egingo da "ahozko bolanderekin". Alde Zaharrean txosnetan txitxarro erreak dastatzeko aukera egongo da. Orduz geroztik, musikarik ez da faltako jaia alaitzeko; 12:30ean Bizkaiko albokariak, txistulariak eta Kresalako trikitilariekin, eta 13:30ean San Pedro iturritik aterako den Kresalako banda eta Artelango erraldoiekin.
Dinamartxa ailegatu eta gero Radixu Irratiaren pregoia eta ikurriñaren igoera egingo da, ostean Botx eta Arri bertsolarien saioa eta Kamiseta azokako irabazleei sari banaketa egingo delarik. Arratsaldean umeen jolasak -17:30ean- eta uretakoak -18:00ean- izango dira, kukañarekin eta zubitik egingo diren salto ikusgarriekin.
Arratsaldeko 20:00etan aurtengo omenduak nortzuk diren jakinaraziko da eta antzerki sketch-a egingo zaie Kalekutzean. Amaitzeko, musika nagusituko da kale erromeriarekin, DJ Nekanerekin eta Gaztetxean arituko den Madrilgo Repercusion taldearekin.