Síguenos en redes sociales:

Gernika sutan antzerkirako partehartzaile bila dabiltza

Gernika-Lumo. Datorren apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketaren 74. urteurrenean, Gernika Sutan izeneko antzezlana kaleratzeko aktore-abeslari bila dabiltza herritarren artean. Egun horretan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Mercurio iturria inguruan hasi eta kalez kale ibiliko den antzezpena egingo dute "eta aspaldiko urteotako asmoa da gernikarrok interpretatutako lan bat egitea", azaldu du egitasmo honetako koordinazio lanetan ari den Eneritz Artetxe aktoreak.

Hori dela eta, herriko talde batek joan den astean hasi zituen entseguak eta horrela egingo dute astero aktuazioaren egunera arte. Halere arduradunek jende gehiago behar dute horretarako eta ostegunetan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Elai Alai aretoan egiten dituzten entseguetara joateko deialdia zabaldu dute. "Edozein adineko jendeak parte hartu ahal du; batzuk abestu dezakete eta nahi duenak figurantearena ere egin ahal du", onartzen du koordinatzaileak.

Lana kale antzerki moduan egingo da, eta herritarrekin osatutako koruak bonbardaketaren kronika kantatuko du Santa Ageda eta Marijesien doinuak erabiliz, eta orduko pertsonaiak ere irudikatuko dira bertan. "Egun horretarako bonbardaketa sasoian erabiltzen ziren moduko jantziak eraman beharko dira", eskatzen du Artetxek.

Gernika Sutan lana Edorta Jimenezek idatzitakoa da eta Maskarada taldeko Carlos Panerak zuzenduko du. Aktuazioan, herritarrez gain, Urdaibai koruak eta bakarlariek ere parte hartuko dute.