Ezegonkortasun-arazoa duela ikusita, astelehen honetan goizean, martxoaren 23an, hasi ditu Bilboko Udalak Artxandako Hatz-markaren parkeko harlangaitzezko horma egonkortzeko lanak.
Zerbitzuetako Sailak abenduan detektatu eta jakinarazi ondoren, bertatik bertara ikusi zuten nola hormaren bost metro inguruko tarte bat behera joan zen eta alboko zenbait eremu arrakalatuta edo sabela eginda zeuden. Horrek guztiak agerian uzten du egitura hori denboran zehar gero eta gehiago joan dela hondatzen. Identifikatutako eremu horretaz gain, iparrera begira dagoen aldean ere antzeko kalteak daude, eta hortaz, irizpide tekniko berberekin jardungo da.
Esku-hartzea -890.600 euroko inbertsioa izango duena- bi eremuetan zentratuko da, eta 30 eta 40 metro arteko luzeran esku-hartuko dute eragindako eremu bakoitzean.
Faseak
Jarduketak hainbat fasetan egingo dira, bi eremuetan komunak. Lehenengo fasean, kaltetutako eremuak behin-behinean egonkortuko dira, eta behar diren segurtasun-baldintzak bermatuko dira. Ondoren, ezegonkortasun-arazoak dituzten eremuak konponduko dira, eta, amaitzeko, harlangaitzezko horma jarriko da berriro esku hartutako tarteetan.
Lanak hegora begira dagoen aldean hasiko dira, eta, aurrera egin ahala, iparraldeko jarduketekin batera egingo dira, exekuzio-epeak optimizatuz eta une oro inguruneko segurtasun-baldintzak mantenduz. Lanak ekainean amaitzea aurreikusten da.
Esku-hartze horrekin, Bilboko Udalak aurrera egiten jarraitzen du egiturazko elementu hori berreskuratzen eta finkatzen, Hatz-markaren parkearen inguruko segurtasuna eta kontserbazio egokia bermatuz.