Hiru eta hamaika urte bitarteko umeen beharrei egokitutako udal-ekipamendu berria estreinatu dute Miribilla-San Adriango Haurgune eta Kidegune berriak. Astearte honetan goizean, abenduaren 9an, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Gazteria eta Kiroleko zinegotzi Itxaso Errotetak Compostelako Done Jakue kaleko 12. zenbakian kokatutako instalazioak bisitatu dituzte.

Adingabeek ingurune seguru batean aisialdi osasungarriaz gozatzeko pentsatutako espazio berri bat da, garapen pertsonal, sozial eta hezigarrirako aukerak eskaintzen dituena. Haurguneak eta Kideguneak 3 eta 5 urte bitarteko adingabeentzako zona bat, eta 6 eta 8 urte bitarteko eta 9 eta 11 urte bitarteko umeentzako beste bat dauzkate.   Lankidetzaren, elkarrekiko errespetuaren eta kolaborazioaren filosofian oinarritutako ekipamendu bat da.  

Bilbao Gazte STEAM estrategiari lotutako jokoez eta jarduerez gozatu ahal izango dute hor. Horien bidez, bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzen dira zenbait jardueratan (LEGOren bidezko robotika eta programazioa, dinamika zientifikoak eta abar). Irakurtzeko espazio bat ere badago, jolas- eta hezkuntza-izaerako aukera ugariz gozatzeko. Horrez gain, jarduera dinamikoak egiteko gune bat ere badago, hala nola dantza, jolasak edo eskulanak.

Haurguneak eta Kideguneak programazio berezia izango dute abenduaren 12an, 13an, 15ean eta 16an. Panpotxen eskutik, kaleko bi antzerki-dinamizazio egingo dira; Imanol Ituiñoren magia-emanaldi bat 5 urtetik gorako adingabeentzat; musika-tailer bat 0 eta 3 urte bitarteko umeentzat eta haien familientzat; bi tailer zientifiko-artistiko 6 eta 11 urte bitarteko adingabeentzat; eta robot-esku bat egiteko STEAM tailer bat, 10 eta 11 urte bitarteko haurrentzat eta haien gurasoentzat. Abenduko gainerako egunetan, espazioa astelehenetik ostiralera egongo da irekita, 17:30etik 19:30era, 3 urtetik 11 urtera bitarteko adingabeentzako joko eta dinamikekin.

Gabonetan, urtarriletik aurrera eta nola eman izena

Gabonetan, Haurgunek eta Kidegunek gainerako haurgune eta kideguneen ohiko programazioa ere izango dute: Gabongune eta Gabonkide.

Urtarriletik aurrera, 3 eta 5 urte bitarteko adingabeentzako Haurguneko taldeak hasiko dira astelehenetan eta astearteetan; 6 eta 8 urte bitartekoentzat asteazken eta ostegunetan; eta Kidegunekoak (9 eta 11 urte bitartekoentzat) ostiraletan 17:30etik 19:30era. Abenduaren 15era arte eman daiteke izena, hgmiribilla@bilbao.eus helbide elektronikoaren bidez. Abenduaren 17an zozketa egingo da, eta 18an familiei jakinaraziko zaie.

Gainera, larunbat bat hilean goizeko ordutegian: 3-11 urteko haurrentzako jarduerak (familiekin edo familiarik gabe), Haurgune, Kidegune edo Kidelegoko programazioan inskribatuta egon edo ez. Era berean, hilean larunbat batean, goizez, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako jarduerak egingo dira familian.

Konpromisoa beteta

Ireki aurretik, Bilboko Udalak gogoeta eta partaidetza-aldi bat abiatu zuen. Denbora horretan, iritziak, ikuspuntuak eta proposamenak aurkeztu zituzten Gaztegune / Haurgune-Kidegunearen inguruko lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetako (Miribilla, Iruarteta, Urretxindorra, San Adrian eta Pagasarribide) 200 ikasle baino gehiagok, 50 familia baino gehiagok (aipatutako ikastetxeetako guraso elkarteekin egindako saioetan), eta auzo-elkarteetako (Miribilla Bizirik eta San Adrian) ordezkariek. Hala, gutxi gorabehera 350 pertsonak parte hartu dute aurtengo otsailaren eta martxoaren artean egin den prozesuan. Partaidetza-prozesuari esker, erabiltzaileen eta familien lehentasunak identifikatu dira.

Obra honekin bete du Udalak 2025eko parte-hartze bidezko aurrekontuetan hartutako konpromisoa, Miribilla eta San Adrian auzoetan Haurgunea eta Kidegunea ipintzeko.