Astearte honetatik ekainaren 22ra bitartean, 'Bilboko Biodibertsitate Ezkutua' izeneko argazki-erakusketa ikusi ahal izango da Zubiarte merkataritza zentroan. Ekimen hau Aranzadi Zientzia Elkarteak, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailaren laguntzarekin sustatzen du.
Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak erakusketaren inaugurazioan hartu du parte gaur. "Erakusketa honen bidez natura Bilboko herritarrengana hurbildu nahi dugu; izan ere, hiriko bizimoduak, askotan, gure inguruan daukagun naturatik urrundu eta aldendu egiten gaitu", azaldu du Abetek.
Argazkiek espezie askoren laginak jasotzen dituzte, hirian bizi diren pertsona askorentzat ezezagunak direnak. Naturguneak ere agertzen dira, herritar gehienentzat ezezagunak, adibidez Bilboko ekosistemak.
Erakusketa honetarako Bilboko biodibertsitate bereziko 10 espezie aukeratu dira: liken bat, landare bat, hiru ornogabe, anfibio bat, narrasti bat, hegazti bat eta ugaztun bi. Gainera, laginak honako hauen argazkiak ere jasotzen ditu: zuhaitz-ekosistemak (baso autoktonoak eta baso-landaketak), ur gezako ekosistemak (ibaiak, errekak eta hezeguneak), belar- eta zuhaixka-ekosistemak (landazabala) eta hiri-ekosistemak (parkeak, lorategiak eta eremu eraikiak).
"Erakusketa hau bisitatzen dutenek inkesta batean parte hartu ahal izango dute, Bilboko espezie berezi eta ekosistema horiei buruz herritarrek daukaten ezagutza-maila zein den jakiteko", esan du Nora Abetek.
Gainera, ekimen honen barruan, familiei zuzendutako tailerra egingo da Bilboko altxor biologikoak zeintzuk diren jakiteko eta ekainaren 20an, barikua, 10:00etatik 13:00etara, irteera gidatua egingo da, Aranzadiko adituek gainbegiratuta, Monte Cabras eremuko natura-balioak deskubritzeko.