Bilboko Udalak 3.214.970,49 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, Tiboli kalea hobetzeko. Datorren asteko asteartean, apirilaren 22an, hasiko ditu obren lehen faseko lanak, eta kalkulatzen da fase guztiak hogei hilabeteko epean amaituta egongo direla.
Proiektu osoak kale horretako zenbait zati hartzen ditu, Campo Volantín eta Moraza plazaren artean. Hala ere, eta herritarrei ahalik eta kalte eta eragozpen gutxien eragiteko, eremuaren eta obraren beraren tamaina eta iraupena kontuan hartuta, faseka egingo da, zehazki, ondoz ondoko lau fasetan, obraren eremuan sartzen diren lau etxadiekin bat etorrita.
Fase bakoitzak aldaketak ekarriko ditu herritarrentzat, batez ere zirkulazioan eta garraio publikoaren geralekuetan eta ibilbideetan. Aldaketa horiek unean-unean jakinaraziko zaizkie herritarrei. Lehen fase honetarako 13.400 abisu eta Infobilbaoren beste horrenbeste liburuxka prestatu dira, eta gaurtik aurrera postontzietan sartu eta etxebizitzen eta merkataritza-establezimenduen artean banatuko dira.
Hauek izango dira faseak:
- 1. fasea. Apirilaren 22an (martitzena) hasiko da eta zortzi hilabetez luzatuko da, Campo Volantín pasealekuaren eta Uriortu kalearen arteko eremua ardatz hartuta. Espaloiak kenduko dira saneamendu-sare berri bat eta argiteria-kanalizazio berriak egiteko eta, ondoren, eremua berrurbanizatu ahal izateko.
- 2. fasea: Uriortu eta Castaños artean. sei hilabetez luzatuko da.
- 3. fasea: hiru hilabete iraungo du eta Castaños eta Moraza plazaren arteko tartea hartuko du (zenbaki bakoitietako espaloia).
- Eta azkenik 4. fasea, hiru hilabetez luzatuko dena. Kasu horretan, Anselma de Salces eta Matiko artean jardungo da (zenbaki bikoitien espaloia).
Obraren lehen fasearen eraginak
Obraren lehen fasea datorren astean hasiko da eta 8 hilabetez luzatuko da. Aldaketak izango dira Uribarriko barrutiko zirkulazioan eta Bilbobusen zenbait lineatan eta oinezkoen mugikortasunean ere eragingo dute.
Hain zuzen ere, apirilaren 22tik maiatzaren 5era, gutxi gorabehera, Campo Volantín pasealekuko oinezkoentzako gunea okupatuko da zatika, eta oztoporik gabeko 3 metroko igarobidea utziko da beti. Maiatzaren 6tik maiatzaren 20ra, gutxi gorabehera, Campo Volantín pasealekuko galtzada okupatuko da Tiboli kalearen parean, eta semaforoen bidez ordezko bidea prestatuko da bidegurutzean ibilgailuak igarotzeko.
Azkenik, maiatzaren 22an hasi eta 7 hilabetez, gutxi gorabehera, ibilgailuen zirkulaziorako itxiko da Tiboli kalea, Campo Volantín pasealekuaren eta Uriortu kalearen artean.
Itxiera horren ondorioz ibilgailuek egin beharko dituzten bideak aztertu ondoren eta gunean izango diren eraginak minimizatzeko asmoz, Múgica y Butron eta Fontecha y Salazar kaleen noranzkoak aldatuko dira. Tiboli kalean, Uriortu eta Castaños kaleen artean, noranzko bakarra izango da Castaños kalerantz.
Sarrera-irteerak
Zirkulazioko murrizketen ondorioz, Castaños, Matiko eta Uribarri auzoetarako sarbidea eta irteera aldatuko dira.
Horrela, bada, udaletxetik sartuz gero Campo Volantin, Mujica y Butrón, Uriortu eta Tiboli kaleak erabili ahal izango dira. Bestalde, Tiboli, Castaños, Fontecha y Salazar eta Campo Volantin kaleetatik irten ahal izango da.
Zirkulazioko aldaketek Bilbobusen 22., 28. eta 72. lineei eragingo diete eta horien ibilbideak aldatuko dira. Tiboli kaleko 1. zenbakian dagoen geralekua kendu eta Campo Volantín pasealekura eramango da, 21. zenbakiaren parera (lehendik dagoen geralekua da).
Aldaketa guztien berri emango da ohiko bideetatik (sare sozialak, informazio-panelak, markesinak…). Informazio zehatzagoa nahi izanez gero, webgunean eta 010 telefonoan kontsulta daiteke.
Aparkalekua
Obra honek eta Epalza kaleko beste obra batek bat egiten dutenez, TAO berdeguneko aparkaleku-plaza batzuk kenduko dira. Horregatik, TAO berdeguneko plazak gaituko dira gaur egungo eremu urdinean.
Eremuko garajeetako sarrera-irteera une oro egin ahal izango dira.
1,5 milioi saneamendua berritzeko
Proiektu horren helburua da, ahal den neurrian, espaloiak zabaltzea eta berritzea, kalearen goiko partera iristeko baldintzak hobetzea, argiak modernizatzea eta dagozkion zerbitzuak berritzea.
Esaterako, argiteria eta, batez ere, saneamendu-sarea, erabat berrituko dena. Izan ere, saneamendu-sarea berritzea eta hobetzea obraren funtsezko gaietako bat da eta aurrekontuaren ia erdia bideratuko da horretara (1,5 milioi euro gutxi gorabehera).
Gainera, proiektu honek jarraipena eman nahi dio Moraza plazari Matiko kalerantz, eremu horretako oinezkoen konexioa hobetzeko, auzoko bizilagunentzako elkargunea baita.
Zonaldean hiri-altzari berriak jarriko dira (paperontziak, jarlekuak, jardinerak zuhaixkekin eta landareekin), zoruak eta zoladurak berrituko dira (“Bilbao” motako lauza hidraulikoa eta baldosa podotaktil ildaskatua) eta baranda guztiak berrituko dira obraren eremuaren baitan. Barandak eskola-ekipamenduen sarbideetan daude (Epaltzaren Alargunaren eskola eta Esclavas SC Fatima Institutua), Moraza plazako plazatxoak mugatzen dituzten hormetan eta Tiboli 9 eta 11 atarietarako sarbidea ematen duen kale-buruan.