Sevillako Biltzar eta Erakusketa Jauregiak Tokiko Garapen Ekonomikoaren VI. Mundu Foroa hartuko du gaurtik apirilaren 4ra bitartean. Tokiko Gobernu eta Hiri Batuen (CGLU) Nazioarteko sarearen esparruan antolatutako ekimen honetan parte hartuko du Bilboko Udalak, bertan baitiraJuan Mari Aburto alkatea eta Eider Inunciaga zinegotzia.
Sevilla izango da lurralde-ikuspegiak eta garapen-agenda globalak konektatuko dituen nazioarteko topaketa horren agertoki aste honetan. Foroaren helburu nagusia GJHak tokikotzea da, haiek komunitate bakoitzaren errealitate espezifikoetara egokitzeko. Inklusioa, ekitatea eta jasangarritasuna sustatuko dituen eta pertsonak ardatz dituen garapen ekonomikoko eredu berri bat planteatzen du, eta xede du tokiko baliabideak aprobetxatuko dituzten, gizarte-kohesioa indartuko duten eta desberdintasunak murriztuko dituzten estrategiak sortzea.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak elkarrizketa politiko batean parte hartuko du bihar, beste hiri batzuetako agintari gorenekin batera, eta, bertan, "pertsonen zerbitzura dagoen ekonomia bat edukitzearen garrantzia" nabarmenduko du. "Hiriok, hala nola Bilbok, garapen ekonomiko eta sozialerako estrategiak sendotu behar ditugu, zaintzan enfasia jarrita, eta inor atzean utzi gabe". Hala, Aburtok azpimarratu duenez, "erresilientzia eta berrikuntza funtsezkoak dira hiri jasangarriagoak eta bidezkoagoak eraikitzeko, eta hiriok zaintzei, jasangarritasunari eta aukera-berdintasunari benetan lehentasuna ematen dien eredu ekonomikoan oinarrituta eraikitzeko".
Halaber, Bilboko alkateak CGLUren Nazioarteko Sarearen Bureau Exekutiboan ere parte hartuko du, eta, bertan, "hiriak kulturarekin, justiziarekin eta berdintasunarekin, hiri-garapen jasangarriarekin, sormen-industriekin, GJHekin eta erakundearteko lankidetza-politikekin eta publiko-pribatuekin daukan konpromisoa" berretsiko du.
Bestalde, Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotziak ere hartuko du parte Tokiko Garapen Ekonomikoaren VI. Mundu Foroan. Zehazki, ekonomia berdeari eta urdinari helduko dio, Garapen inklusiboa eta jasangarria desblokeatzeko bideak mintzagai dituela