Astearte honetan goizean, BBK Kunak babesleku klimatikoei buruzko jardunaldi tekniko baten egoitza izan da. Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun sailak antolatutako ekimen honetan Klima Babeslekuen Sarea osatzen duten erakundeek hartu dute parte. Jardunaldian, espazio horiek beren funtzioa betetzeko izan behar dituzten baldintzak aztertu dira, baita espaziook erabiltzeko funtsezko alderdiak ere.
Nora Abete alkateorde eta Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak inauguratu du topaketa, eta azpimarratu du udalak konpromisoa hartu duela herritarrei espazio horiek eskaintzeko, udan muturreko tenperaturen eraginetatik babesteko behar-beharrezkoak dira-eta.
Ildo horretatik, Nora Abetek esandakoaren arabera, "babesleku klimatikoak funtsezko tresna dira Bilbo bizigarriagoa, inklusiboagoa eta erresilienteagoa izan dadin klima-aldaketaren aurrean. Zaintza-espazioak dira, eta behar handiena dutenak babesteko daude bereziki diseinatuta, hala nola adinekoak, umeak edo gaixotasun kronikoak dituztenak. Bilbon, babesleku gisa identifikatutako 131 gune ditugu jada, baina gure konpromisoa harago doa: sare hori zabaltzen jarraitu nahi dugu, naturan oinarritutako konponbideak integratuz eta guztiontzat berdeagoak, irisgarriagoak eta seguruagoak diren inguruneak sortuz".
Víctor Trimiño Bilboko Udaleko Jasangarritasuneko zuzendariak Babesleku Klimatikoen Sarearen funtzionamenduaren balantzea aurkeztu du, eta sareak klima-aldaketaren aurrean egokitzeko eta osasun publikoa babesteko neurri gisa duen eginkizuna azpimarratu du.
Gainera, Trimiñok sarea indartzen jarraitzeko beharra nabarmendu du; izan ere, gune horiek funtsezkoak dira biztanleria kaltebera gero eta sarriago eta intentsitate handiagoz gertatzen diren bero-boladetatik babesteko. Ondoren, Aitana Lertxundi UPV/EHUko Prebentzio Medikuntzako irakasle agregatuak hitz egin du.
Gaurko saioa baliagarria izan da, halaber, Babesleku Klimatikoen Sarearen eginkizunean eta erronketan sakontzeko, osasunak tenperatura altuetan dituen ondorioak azaltzeko eta muturreko bero-boladen aurrean arriskukotzat jotzen den biztanleriaren erradiografia egiteko, bai eta iaz egindako sarearen hedapen-ekintzen eta aurreko udan herritarrei eskainitako zerbitzuen emaitzak aztertzeko ere. Sarearen hedapena, eskainitako zerbitzuak, Udalaren zeregina eta atxikitako erakundeen arteko lankidetza hobetzeko proposamenak bateratzeko tarte bat ere egon da.
Jarduera osagarri gisa, apirileko lehenengo asteetan, bero-kolpeetarako lehen sorospenen inguruko prestakuntza egingo da, Osasun eta Kontsumo Sailarekin elkarlanean.
Babesleku klimatikoak
Herritarrak muturreko tenperaturetatik babesteko edo ondorioak arintzeko baldintza egokiak dituzten ekipamenduak edo guneak dira. Era berean, muturreko beroak osasunari eragiten dizkion ondorio kaltegarriak apaltzeko lekuak dira.
Bilboko uriak 131 babesleku klimatiko ditu gaur egun. 65 babesleku barne-ekipamenduak dira, eta beste 66, kanpo-azpiegiturak.Bilboko biztanleriaren % 96 udalerrian dauden 132 babesleku klimatikoetatik 300 metro baino distantzia laburragora bizi da, eta % 43, berriz, 100 metro baino hurbilago.
Aipatutako funtzioak betetzen dituzten barne-ekipamenduak liburutegiak, gizarte-etxeak, kirol-ekipamenduak, garraio-geltokiak, museoak, erakusketa-aretoak eta merkataritza-guneak dira, besteak beste. Eraikinok, oro har, hozte-sistemak dituzte eta ura edukitzen dute, eta egoteko, freskatzeko eta tenperatura handiek eragiten duten neketik oneratzeko aukera ematen dute.
Kanpoko babesleku klimatikoak uriko berdeguneak dira; halako lekuetan dagoen landaretzagatik eta sortzen den gerizpeagatik, sentsazio termikoa hobetu egiten da, eta, beraz, babesleku naturalak dira bero handiko egunetan. Gainera, uriko iturriak eta urez hornituriko guneak ere leku egokiak dira beroari aurre egiteko eta norbera freskatzeko eta hidratatzeko.
Leku horiek bereziki erabilgarriak eta gomendagarriak dira biztanle kalteberentzat, haietan babestu ahalko baitira, eta bero-kolpeak saihestu; izan ere, muturreko kasuetan, beroak okadak, palpitazioak, konortearen galera edo heriotza ere eragin ditzake, umeen eta adinekoen kasuan batez ere, muturreko tenperaturak jasateko gaitasun txikiagoa izan ohi baitute.