Bilboko Udalak hiri-hondakinak biltzeko, garraiatzeko eta tratatzeko zerbitzuaren tasa berriaren ordenantza onartu du
Zerga berria Udalak kudeatuko du zuzenean data horretatik aurrera, “guztiz bestelako” egoera batean, araudian bertan jasotako printzipioaren arabera: “nork kutsatu, hark ordaindu”
Bilboko Udala hiri-hondakinak biltzeko, garraiatzeko eta tratatzeko zerbitzuaren tasa berria arautu beharko duen ordenantza fiskala egiteko prestaketa-lanetan ari da.
Zerga guztiz berria da eta nahitaez bete beharrekoa, Europako 2008/98 EE Zuzentarauari jarraikiz. Zuzentarau hori, estatuan, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 7/2022 Legera ekarri da. Araudi hori toki-erakunde guzti-guztiek bete beharreko agindua da, estatukoak edo EAEkoak izan.
Beste baldintza garrantzitsu batzuen artean, zerga-ordenantzak defizitarioa ez den tasa bat ezarri beharko du, hondakinen bilketa, garraio eta tratamenduaren benetako kostua islatuko duena eta, aldi berean, sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak ezartzea ahalbidetuko duena. Orain arte egiten den guztiaz bestelako egoera da eta, gainera, paradigma eta, era berean, herritarren pentsamoldea aldatzea dakarrena, maila guztietan. Araudi horren guztiaren funtsean, Europar Batasunak berak jarri dituen asmo handiko helburu batzuk daude: hondakin gutxiago sortu behar dira eta birziklatzea areagotu, eta hondakinak arazo bat dira, baina baita aukera bat ere.
Bilboren kasuan, tasa berria 2026ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean eta, horretarako, Udaleko Ogasuneko talde tekniko osoa buru-belarri dabil lanean. Lan konplexu eta neketsu horien berri eman zien Marta Ajuria zinegotziak udal-talde guztiei otsailaren 17an egindako bileran, ekarpenak egin zitzaten.
Lantzen ari diren berritasunen artean, zinegotziak azaldu zienez, hondakinen tasa zuzenean Udalak kudeatuko du eta ez Ur Partzuergoak, Udalaren beraren datuak erabiliko baitira, hala nola Katastrokoak, Biztanleen Udal Erroldakoak eta Ekonomia Jardueren gaineko Zerga. Era berean, zergapekoei dagokienez, ondasun higiezinen jabe diren pertsona fisiko edo juridikoek ordaindu beharko dute.
Marta Ajuriak zehaztu duenez, une honetan bere lantaldea prestatzen ari den zerga-kuotaren konfigurazioak kostuak banatzeko parametro bi izango ditu: oinarrizko osagaia, gaitasun ekonomikoaren printzipioa kontuan hartuko duena, eta osagai espezifikoa, subjektu pasiboak sor ditzakeen hondakinen arabera kalkulatuko dena. Osagai hori berariaz jaso da Legean, "nork kutsatu, hark ordaindu" printzipioaren arabera.
Bizitegi-higiezinen kasuan, oinarrizko osagaia katastro-balioa eta espezifikoa etxebizitzan erroldatutako pertsonen kopurua izango da; bizitegi ez diren higiezinetan, berriz, oinarrizko osagaia katastro-balioa izango da, baina espezifikoa garatzen den jarduera mota izango da, azalera ere kontuan hartuta.
Azalpen horiek guztiak Ogasuneko zinegotziak eman ditu gaur egindako osoko bilkuran, eta hiri-hondakinen tasa arautzen duen ordenantza fiskal berria egiteko prozesuaren konplexutasuna azpimarratu du. "Orain arte egindakoaren guztiz bestelakoa den egoera batean gaude eta ondo egin nahi dugu, herritarrei eta uriko enpresei iritsiko den egoera berriari buruzko azalpenak emanez eta horren inguruan kontzientziatuz. Izan ere, guztiok gaude inplikatuta gizarte eta ingurune hobea uzteko hondakin gutxiago sortu behar ditugula dioen printzipioarekin. Prozesu horretan buru-belarri gabiltza eta udaleko talde politiko guztien lankidetza eta parte-hartzea izan nahi dugu. Orain, ordenantza egiteko aurretiazko lanekin ari gara, eta herritarrei helarazi behar diegun behin betiko testua hobetzeko egin daitezkeen ekarpenak aztertuko ditugu".
Temas
Más en Bilbao
-
Bilbao La Vieja celebra dos décadas como epicentro de la vanguardia artística
-
Nico Williams, protagonista de un torneo de fútbol cuya final será en Bilbao
-
Concierto de clausura del festival Bilbao Arte Sacro que organiza el ayuntamiento en La Encarnación
-
En imágenes: Concierto de clausura del festival Bilbao Arte Sacro en La Encarnación