Bilboko Udalak 13.528.004,50 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, Deustuko suhiltzaileen parke berria egiteko. Asteazken honetan goizean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Amaia Arregi Segurtasuneko zinegotziak eta Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotziak datozen asteetan Gobernu Batzarrean onartuko den proiektua aurkeztu dute. Behin onartuta, lizitaziora aterako da, eta espero da obrak urtearen amaieran hastea. Lanek 28 hilabeteko egikartitze-epea izango dute.
Eraikin moderno, funtzional eta eraginkorra izango da, zerbitzuaren beharrei erantzungo diena. Ibarrekolanda auzoan kokatuko da, Zorrotzaurreko Plan Bereziaren arabera EQ-12 gisa definitutako lurzatiaren zati batean. Guztira, parke berriak 1.930 metro koadroko azalera hartuko du lurzati horretan, eta 1.290 metro koadro libre utziko dira bihar-etzi beste eraikin bat eraiki beharra badago.
Lurzati estu eta zorrotza da, paraleloan dago itsasadarrarekin, eta kota-aldea du Morgan kalearen (ipar-ekialdean du muga, eta hor kokatuko da eraikinaren sarrera nagusia) eta Kanaleko pasealekuaren artean. Kokaleku ezin hobea, erreskate- eta salbamendu-lanak erraztuko dituena.
Deustuko suhiltzaileen parke berriak 3.760,88 metro koadroko azalera eraikia izango du guztira. Sestra azpiko solairu batean (Kanaleko pasealekuaren kotan), beheko solairua eta lehen solairua izango ditu eraikinak, entrenamendu-dorrerako erreserbatutako espazioaz gain, zeina laugarren solairuraino iritsiko baita. Hangarrak eta maniobra-eremuak bereiziko ditu bolumen biak.
Juan Mari Aburto pozik agertu da proiektu garrantzitsu eta etorkizunera begirako honekin, 2023-2027 Agintaldiko Planean lehentasunezkotzat jotako konpromisoa baita. Kokaleku pribilegiatuan egongo da, eta horri esker, eremu osoan estaldura azkarra eta eraginkorra eskaintzeko aukera izango dugu, garapen betean dagoen Zorrotzaurre auzoaren epe labur eta ertainerako beharrak ere kontuan hartuta.
Amaia Arregi zinegotziak ere parkearen garrantzia azpimarratu du. Eta, batez ere, Obra Publikoetako Saileko teknikarien eta Bilboko suhiltzaileen arteko lankidetza nabarmendu nahi izan du, gure profesionalen eskakizun eta premia guztiak bilduko dituen proiektu bat zehazte aldera.
Eraikina
-1. Solairua, sestra azpian egongo da, Morgan kalearen kokapenaren arabera, baina itsasadarraren kotan, hau da, Kanaleko pasealekuaren kotan.
Solairuak 1.562,53 metro koadro erabilgarri izango ditu, banaketa diseinatzeko orduan, kontuan hartu da eraikinaren funtzionaltasun operatiboa, eta, ondorioz, hiru eremu bereizi dira nagusiki, horietako bakoitza suhiltzaileen zerbitzuaren hainbat beharrei erantzuteko diseinatuak.
- Aldagelen eta biltegien eremua. Espazio horretan suhiltzaileen erremintak, ekipoak eta lanerako funtsezkoak diren beste elementu batzuk gordetzeko gelak egongo dira; aldagelak ere bai, txanden eta esku-hartzeen aurretik eta haien ondoren arropa aldatu ahal izateko. Dutxak, armairuak, konketak... izango dituzte.
- Gelak, gimnasioa eta prestakuntza-gela. Suhiltzaileek txandaka lan egiten dutenez, esku-hartzeen artean atseden hartzeko gelak ere aurreikusi dira. Guztira hamasei gela izango dira, atseden hartzeko egokiak, eta erosotasun eta pribatutasun baldintza ezin hobeekin. Gelen ondoan gimnasio bat egongo da, erabat hornituta, eta, gainera, atondoaren ondoan, eta atondotik sarbide zuzenarekin, prestakuntza-gela bat egongo da, aireztapen eta argi naturalarekin, 30 lagunentzako edukierarekin.
- Entrenamendu-eremua. Hego-ekialdeko muturrean, formakuntza eta prestakuntza praktikorako berariazko espazio bat egongo da, hainbat instalazio espezializaturekin, hala nola ke-galeria bat, urpekaritza-tanke bat edo entrenamendu-dorrerako sarbidea.
Horrez gain, nahiz eta eraikina suhiltzaileentzat den beren-beregi, pasealekuaren kotan, suhiltzaileen zerbitzuko piezak eta ibilgailu historikoak erakusteko espazio bat proiektatu da. Espazio hori jendearentzat irekita egongo da, sarrera kontrolatua izango du eta betiere baimendutako langileek gainbegiratuta.
Beheko solairuak oinezkoentzako sarbide bakarra izango du, Morgan kaletik zuzenean. Sarrera hori izango da eraikinaren sarrera nagusia; bestalde, altuera biko espazio zabal izango du, estalita, espazio publikoaren eta eraikinaren barrualdearen artean egongo dena.
Sartutakoan, sarrera nagusi horretatik altuera bikoitzeko atari batera iritsiko gara, eta hortik abiatuta iritsiko gara solairuko geletarako sarreretara. Atari hori langileak eraikinaren barruan hara eta hona errazago ibil daitezen diseinatuta dago – funtsezkoa da suhiltzaileentzat –, goiko solairuarekin eta sotoarekin konektatzea ahalbidetuko baitu.
Solairu honetan gelak argi eta garbi bereiziko dira beren funtzioaren arabera, eta hiru espazio handi bereiziko dira:
- Jantokiko gunea: egongela bat, jangela bat eta sukalde txiki bat.
- Guardiako aldagelak eta biltegiak, sotoko -1 solairukoen osagarriak.
- Garajeak eta maniobra-eremua. Kota horretan egongo da ibilgailuen sarrera eta, horregatik, garajerako (304,12 metro koadro) eta maniobra-eremurako (608,37 metro koadro) lekua gorde da. Espazio hori esku hartzeko ibilgailuak, batez ere kamioiak, larrialdietan azkar irteteko eta sartzeko diseinatu da. Zuzeneko lotura izango du -1 solairuarekin, suhiltzaileen barne-mugikortasuna errazteko eta arintzeko.
Guztira, beheko solairuak 1.693,19 metro karratuko azalera erabilgarria izango du.
Lehenengo solairuak, berriz, 419,48 metro koadroko azalera erabilgarria izango du, eta administrazio-izaerako espazioetarako erabiliko da. Hor egongo dira bulegoak eta bilera-gelak.
Entrenamendu-dorrea
Entrenamendu-dorrea berariaz diseinatuta dago suhiltzaileen entrenamendurako, prestakuntza fisikorako eta lanbide-gaikuntzarako. Bolumen independentea izango da, beheko solairua eta goiko lau maila izango ditu, eta hainbat larrialdi-egoera simulatzeko aukera emango du.
Entrenamendu-dorrea prestakuntza-espazio moldakor gisa sortu da, larrialdiko esku-hartze baten benetako baldintzak simulatuko dituzten hainbat elementuz hornituta egongo baita.
Dorrearen maila bakoitzean, adibidez, etxebizitza-konfigurazio desberdinak birsortuko dira, eta horrek aukera emango du egoera desberdin askotan entrenatzeko.
Dorreak sarrera bi izango ditu eraikin nagusiaren bi puntutatik. Alde batetik, beheko solairutik, zuzenean maniobra-eremutik, eta, bestetik, sototik (-1 solairua), maila horretan dauden entrenamendu-eremuekin zuzeneko konexioarekin.