Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du ostiral honetan ospatuko den Arraza-bereizkeria mota guztiak desagerrarazteko Nazioarteko egunarekin. Hori dela eta, datorren astelehenean, martxoaren 24an, arrazakeriaren aurkako jardunaldi berezi bat ospatuko da Bilborocken, 18:00etatik 20:00etara, Udalaren zurrumurruen aurkako estrategiaren barruan antolatutakoa.

Horrez gain, Udalak hainbat ekimen burutuko ditu herritarrak sentsibilizatzeko eta diskriminazio mota horren aurrean duen konpromisoa aitortzeko, eta, aldi berean, uriko kultura-aniztasuna sustatzeko.

Programazioari hasiera emateko, Aitor Vinagreten "Yo no soy racista, pero... Manzanas traigo" bakarrizketa izango dugu, umorez eta ironiaz eguneroko aurreiritziak eta mikroarrazismoak jorratzen dituena.Komedia absurdua, non aktoreak hainbat pertsonaia interpretatzen dituen alegiazko telebista-plato bat sortzeko arrazismoa tratatuz.

Jarraian, arrazakeriaren eta diskriminazioaren inguruan sentsibilizatzeko eta horiek prebenitzeko tokiko ekimenak aurkeztuko dira. Udalerrian garatzen diren proiektuen lagin bat da, prestakuntza, hausnarketa aktiboa, herritarren parte-hartzea, esku-hartzea eta zuzeneko arreta hainbat metodologiaren erabilerarekin uztartzen dituena.

Zehatz esateko, hauek aurkeztuko dira:

  • Arrazakeriaren aurkako VI. Eskola: birtualetik presentzialera (Mamadou Ngom – Munduko Medikuak).
  • Ongi Etorri Zinema proiektua (Txus Blanco – Hika Ateneo eta Ongi Etorri Errefuxiatuak).
  • Zurrumurruen aurkako Estrategia (Ane Lezama – AMEKADI).
  • Red Era Berean – Arrazakeriaren aurkako euskal sarea (Mayra Colado García – CITE-CCOO).

Immigrazioaren Tokiko Kontseiluko Gazte Taldeak dinamizatuko du ekitaldia, eta “Arrazakeriaren aurka ahalduntzeko gazteentzako eskola” proiektu berria aurkeztuko dute. Proiektu hori 2025ean garatuko da, Immigrazioaren Tokiko Kontseiluaren esparruan, eta herritarren babesa du, Bilboko Udalaren parte-hartze bidezko aurrekontuen.

Jardunaldia amaitzeko, elkarrizketa irekia izango da publikoarekin. Martxoaren 24ko jardunaldira joan nahi dutenek antirumores@bilbao.eus helbidean eman dezakete izena.

Damba jaialdia, larunbatean

Halaber, Bilbon egingo da Damba Festival jaialdiaren laugarren edizioa. Larunbatean, martxoak 22, Bilborocken egingo den jaialdi horrek hainbat erakunderen babesa du, kultura-aniztasuna ospatzen du eta arrazakeriaren aurkako ekintzak musikaren bidez duen balioa agerian jarriko du.

Programazio zabala eskainiko du: Awa Fall, Novato, Titica, Havana 537, DJ Slimdate, KlassJ Gold, Novisi Percussion, African Vibes, Encuentro Latino eta Thierno Diedhiou. “Kultura Aniztasuna eta Ahalduntzea/Culture Diversity and Empowerment” leloarekin, DAMBA jaialdiak era askotako komunitateen adierazpen artistikoak ikusarazi eta kulturen arteko topaguneak sustatu nahi ditu.

Bestelako ekimenak

Udalak, gainera, Arraza-bereizkeria mota guztiak desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, beste ekimen batzuk garatzea edo babestea aurreikusi du. Hala, bihar, martxoak 20 (eguena), Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eskubideei eta gizarte baliabideei buruzko tailer bat emango du Bilbon bizi diren migratzaileei zuzenduta, Harreragune - Migratzaileentzako Euskal Harrera Zerbitzuaren lokaletan.

“Sustrairik gabeko zuhaitzak ez du aurrera egiten” erakusketa martxoaren 31ra arte luzatuko da Itsas Museumean. Erakusketa Angelica Dass argazkilari hispaniar-brasildarrak gidatutako proiektuaren emaitza da. Bilboko Udalak lagundu du proiektu horretan, eta Bilboko sei ikastetxe publikotako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Batxilergoko 196 ikaslek parte hartu dute.

Martxoaren 21a gomutatzeko kartela Karina Mosqueda ilustratzaileak egin du, “Aniztasunaren alde, arrazismoaren aurka” lelopean, eta proposamen bat egin du, bizikidetzaren aldeko begirada partekatua eta konpromiso komuna nabarmentzen dituena, gizarte tolerantearen eta inklusiboaren bihotza den aldetik.