1983tik etxerik gabeko pertsonak hartzen eta gizarteratze-programen bidez haiei laguntzen darama Lagun Artean elkartea. Bada, astelehen honetan eguerdian, Juan Mari Aburto alkateak eta Juan Ibarretxe eta Iñigo Zubizarreta zinegotziek elkartearen egoitza bisitatu dute.

Udalak Lagun Arteanekin lan egiten du gizarte-bazterkeriaren aurkako hainbat baliabidetan, hitzarmenen bidez. Juan Mari Aburto alkatearen hitzetan, "Bilbori buruz Balioen Hiri gisa eta inor atzean ez uzteaz hitz egiten dugunean, gure apustua da bazterketako egoerei eta bazterketa larriko egoerei erantzun zehatzak ematea, ibilbide, eraginkortasun eta seriotasun handiko entitateekin batera, besteak beste Lagun Artean".

Alkateak Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziarekin eta Iñigo Zubizarreta Kulturartekotasuneko zinegotziarekin batera egin du bisita, baliabide horietara jotzen duten pertsonen artean atzerritar asko baitaude.

Intentsitate ertaineko eta txikiko zerbitzuak

Hala, Lagun Artean programak, Irekia eguneko arreta-zerbitzuaren bidez, 79 pertsona artatu zituen iaz. Zerbitzu hori gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonei zuzendutako intentsitate txikiko zerbitzua da, gizarteratzeko prozesu bati ekitea eskaintzen duena.

Gaueko zentroa intentsitate txiki-ertaineko gaueko arreta-zerbitzua da. 32 plaza ditu eta gizarteratze-prozesuak ahalbidetzeko helburua dauka. 2024an, 148 gizon eta 4 emakume artatu zituen, % 99,4ko okupazioarekin. 

Aize Onak bazterketa-arriskuan dauden gizonei (batez ere migratzaileei) zuzendutako tutoretzapeko etxebizitza-proiektua da. Bertan, harreman-loturatik abiatuta laguntza pertsonalizatu eta integraleko prozesu bat egiten dute. Iaz 27 pertsonari eman zitzaien arreta, 12 sarrera berrirekin.

Emakumea programaren bidez (Kanala), Lagun Arteanek ostatua eta laguntza eskaintzen dizkie bakarrik dauden edo euren ardurapean adingabeak dituzten emakumeei.

Lagun Artean elkartea onura publikoko eta interes sozialeko entitatea da. Deustuko La Pasión parrokian du jatorria, eta Caritasi eta Elizbarrutiari lotuta dago.  Gaur egun, 18 egoitza-baliabide dauzka guztira, 124 oherekin. Urtean 320 pertsona baino gehiago ditu ostatu hartuta, eta urtean 400 pertsona baino gehiago artatzen dituzte ostatu hartu gabe.