Asteazken honetan, martxoaren 5ean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Zuzenbidean eta Filosofian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerbasqueko irakasle ikertzailea, bioetikan eta teknozientzia berrien zuzenbidean aditua den Iñigo de Miguel Berian izango da Bidebarrieta Kulturgunean 'Medikuntza pertsonalizatuaren dilema etikoak' topaketa eskaintzen. Ekimen hau Bidebarrieta Zientifikoa 2025 hitzaldi-zikloaren barruan antolatuta dago.

Medikuntza pertsonalizatua eraldatzen ari da gaixotasunak ulertzeko modua, bereziki adimen artifiziala eta analisi genetikoa bezalako garapen teknologikoei esker. Historian lehen aldiz, tresna batzuek arreta indibidualizatuagoa eta eraginkorragoa eskaintzea ahalbidetzen dute, paziente bakoitzaren ezaugarri berezietara egokitua, eta horrek gaur egun arte ezagutzen den arreta medikoaren eredua iraultzea ekar dezake.

Hala ere, teknologia horiek garatu ahala, osasungintzarekin eta gizarte osoarekin zerikusia duten dilema etiko berriak agertzen dira. Datu-bolumen handien erabilera masiboak (Big Data) pribatutasunari eta diskriminazio-arriskuari buruzko zalantzak sortzen ditu. Pertsona bakoitza zenbateraino dago prest bere informazio pertsonala lagatzeko arreta zehatzagoa lortzeko? Zer gertatzen da intimitaterako eta datu pertsonalen babeserako eskubidearekin gero eta digitalizatuagoa den mundu honetan? Galdera horiei, besteak beste, erantzuna eman nahi zaie jardunaldi honetan Bidebarrietako Liburutegian.

Íñigo de Miguel Beriain. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua Nafarroako Unibertsitatean, Zuzenbidean lizentziatua eta doktorea UNEDen eta Filosofian doktorea UPV/EHUn. Gaur egun, Ikerbasque irakasle ikertzailea da UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko Zuzenbide eta Giza Genoma Katedrako ikerketa-taldean. Espainiako Bioetika Batzordeko kide eta Euskadiko Medikamentuen Ikerketarako Etika Batzordeko (CEIm) presidente, dozena erdi liburu argitaratu ditu ("El embrión y la biotecnologia: un análisis ético-jurídico"; "El poder en la era de la globalización: análisis de una metamorfosis"; "Tecnologías convergentes"; "La clonación, diez años después", besteak beste), bai eta bioetikarekin eta teknozientzia berrien zuzenbidearekin lotutako hirurogei artikulu baino gehiago ere.

Bidebarrieta Kulturgunea kulturari eskainitako gunea da Bidebarrietako Liburutegiaren barruan. Bere helburuen artean kultura, literatura eta zientzia garatzea eta sustatzea dago. Bertaratzerik ez badago, topaketa streaming bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturguneko YouTube kanalean.