Otxarkoagako Txotena kalearen ingurunea berritzeko lanen bigarren fasea hasiko du Udalak
Ostegun honetan goizean, abenduaren 26an, Otxarkoaga auzoko Txotena kalearen ingurunea erabat hobetzeko lanen bigarren faseari ekiteko proiektua onartu egin du udal gobernu batzarrak. Horretarako, 869.999,83 euroko aurrekontua bideratuko du Udalak, BEZa Barne. Horietatik erdia —lehen fasearekin gertatu bezala— Next Generation EU funtsak finantzatzen du
Bigarren fase honetako jarduketek Txotena kaleko tartea hartuko dute, 12. zenbakitik 24.era; baita Irumineta kaleko 24. eta 30. zenbakien arteko tartea ere, Senidetasun kalearekin lotzen duten eskailerak eta Iruminetaren ertzetan dauden berdeguneak barne.
Proiektuaren helburu nagusia, lehen fasean egindakoarekin bat etorrita, eremu osoa landareztatzea da; horretarako, dauden berdeguneetan jardungo da, eta lore-aska berriak jarriko dira, azalera naturala handitzeko. Lore-aska berri horiek oinezkoak eta fatxadak bereizteko ere balioko dute, espazio publikoaren jarraitutasuna mantenduta eta etxebizitzetatik gertu dauden egoteko espazioak hobetuta.
Zehazki, jarduketa hauei helduko zaie:
- Bide-zoruari dagokionez, oinezkoentzako ibilbide irisgarria egokituko da tarte osoan, etxebizitzetarako sarbidea hobetzeko.
- Barandak egokituko dira, irisgarritasun- eta segurtasun-parametroak hobetzeko.
- Lehendik dauden lurrei eusteko hormak egokitu eta eremuan integratuko dira, materialak eta koloreak bateratzearen bidez.
- Birlandatze-prozesuari dagokionez, zuhaitz eta zuhaixka espezie berriak landatuko dira lehendik dauden berdeguneetan, gune horiei kalitate eta epeltasun handiagoa emateko. Hosto iraunkorreko espezieak erabiliko dira.
- Irumineta eta Senidetasun kaleak lotzen dituzten eskailerak eraitsi eta berreraiki egingo dira, eskailera-mailen tarteak eta Bizitegi zentrora sartzeko beharrezkoa den eskailera-buruaren kota berriro kokatu ahal izateko.
Obra hori egiteko epea sei hilabetekoa izango da, eta bi fasetan egingo da, herritarrei ahalik eta kalte gutxien eragiteko.
Europako dirulaguntza
Txotena kalearen ingurunea erabat berritzeko proiektu honek Europako finantzaketa du, bai lehen fasean, bai bigarren fasean.
Zehazki, bi esku-hartzeak Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioaren deialdiaren barruan sartzen dira: “Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bizitegiak birgaitzearen eta etxebizitza sozialaren arloko laguntza-programak, Europar Batasunak finantzatua – Next Generation EU”.
Temas
Más en Bilbao
-
Miribilla celebra una nueva edición de los Domingos de la Bicicleta
-
Una novela para ayudar a los vecinos de Bilbao en riesgo de exclusión social
-
Miribilla acoge una nueva edición de los Domingos de la Bicicleta
-
Una pastelería de Bilbao celebra la final de la Europa League con pasteles del Manchester United y del Tottenham