Uriko merkatari eta ostalariek egindako eskaerari kasu eginez, Bilboko Udalak gauerdira arte luzatuko du Gabonetako argiak pizteko ordutegia. Neurri hau larunbat honetan bertan hasiko da, abenduaren 21ean, eta urtarrilaren 6ra arte luzatuko da.

Eta Gabonetako argiak pizteko ordutegiaren luzapena bihar hasiko da, abenduaren 21ean, San Tomas egunean hain zuzen ere, Gabonen aurrekari eta hitzordu handienetakoa den egun horrekin bat eginez.Horrela, bada, bihar (zapatua) hasi eta datorren urtarrilaren 6ra (astelehena) arte, 18:00etatik gauerdira arte egongo dira piztuta hiriko Gabonetako argiak.

Moyuako arbolako eta Casilda Iturrizar parkeko tuneleko kolore- eta musika-ikuskizunak orain arte bezala mantenduko dira. Arratsalde guztietan, musika entzungo da argien erritmoan 19:00etan, 20:00etan eta 21:00etan, Moyuan; eta 18:30ean, 19:30ean eta 20:30ean, Casilda Iturrizar parkean. Leku bi horietan hiriko beste lekuetan bezala egongo dira argiak piztuta –doinurik gabe–, 18:00etatik 00:00etara arte.

2021eko Gabonetara arte, Bilbok 18:00etatik 22:00etara arte pizten zituen Gabonetako argiak, baina bariku, zapatu eta jai-bezperetan 23:00etara arte luzatzen zen argiak pizteko ordutegia.

2022ko udan energia-efizientziari buruzko dekretua onartu zenean erabaki zen aparteko ordu hori mugatzea. Baina ez gastuagatik, orain urte batzuk Bilboko Udalak LED motako argien aldeko apustua egin baitzuen —horrela bateragarri egin zituen, alde batetik, energia-efizientziaren arloko erantzukizuna eta zuhurtzia eta, bestetik, Gabonetako argien dinamizazio- eta trakzio-ahalmen ukaezina—, eta apustu hori dela medio faktura 3.000 euro eskasekoa baita Gabonetako argiak berrogei egunez pizteko energia-kontsumo osoagatik.