Urtero bezala, Bilboko Udalak kontsumo ugariko egunak izango diren Black Friday eta Cyber Monday egunetan arduraz jokatzeko hainbat gomendio zabaldu ditu. Aurten, Cyber Monday abenduaren 2an izango da.

Alde horretatik, Bilboko Udaleko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) herritarrei aholku batzuk ematen dizkie egun hauetan kontsumo arduratsua eta segurua egiteko, kontsumitzaile askok Gabonetako erosketak aurreratzeko baliatzen baitituzte.

Alvaro Pérez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak zera gogorarazi du: "kontsumitzaile gisa dituzten eskubideen berri izatea, edozein produktu erosi aurretik sor dakizkiekeen xehetasun eta zalantza guztiez galdetzea" eta, bereziki, "produktuen prezioak eskaintzaren aurrekoekin alderatzea", deskontu engainagarriak saihesteko.

Erosketa online-ei dagokienez, Álvaro Pérezek gogorarazten duenez, "aholku onena konfiantzazko lekuetan bakarrik erostea eta ospe kontrastatua duten orrialde ofizialak erabiltzea da, baita beste kontsumitzaileen iritziak kontuan hartzea ere".

Aholkuak

  • Prebentzioa da soluzio onena balizko iruzurren aurrean. Gomendagarria da arduraz, segurtasunez eta zuhurtziaz kontsumitzea, ondo hausnartuz, pentsatu gabe erosi beharrean. Arduraz erostea eta alferreko gastuak saihestea. Edozein artikulu erosi aurretik, behar ote dugun baloratzea.
  • Produktuen prezioak eskainitako deskontua baino lehen eta ondoren konparatzea. Batzuetan, produktu batzuk bakarrik daude merkeago, eta pentsa genezake produktu guztiak merkatu dituztela. Edo gerta liteke, baita ere, egun hori baino lehen prezioak igotzea eta gero berriz jaistea, deskontua egin delako sentsazio faltsua sortuz.
  • Gogoan izan behar dugu produktuak fabrikazio-akatsak baditu bakarrik itzuli behar digutela dirua dendek, legearen arabera. Bestela, denda bakoitzaren merkataritza-politikaren arabera itzuliko digute, edo ez.

Online egiten diren erosketak

Kontsumitzaile askok Internet aukeratzen dute Black Friday edo Cyber Monday sasoietan erosketak egiteko. Horregatik, garrantzitsua da komertzio elektronikoari dagokionez ditugun eskubideak gogoraraztea.

  • Aholkurik onena da konfiantzazko lekuetan bakarrik erostea eta prestigio egiaztatua duten orrialde ofizialak erabiltzea. Beste kontsumitzaile batzuen iritziek webgune batean erostearen komenigarritasuna egiaztatzen lagundu ahal digute. Horri dagokionez, kontuan izan behar da gomendagarria dela konexio seguruak erabiltzea, alegia, "https" erabiliz hasten direnak, eta ez "http".
  • Era berean, ez dugu txartelaren zenbakia sartuko konfiantza eskaseko web-orrietan. Hobe da bitarteko ordainketa-plataformak edo erabiltzailea babesteko politika duten kreditu-txartelak erabiltzea.
  • Zalantzarik izanez gero, hobe da transakzioa ez egitea; gainera, ez dugu bankuko daturik, txartelaren daturik, dokumentazio pertsonalik edo argazkirik emango.
  • Gogoan izan behar da erreklamazioak egiteko funtsezkoa dela erosketa-dokumentu guztiak gordetzea, baita eskaintza aipatzen duen publizitatea ere.
  • Kontsumitzaileak hamalau egun natural ditu, erosketa jasotzen duenetik, atzera egiteko eskubidea baliatzeko. Gainera, ez da ezer ordaindu behar produktua itzultzeagatik (garraio-gastuak bakarrik, baldin eta establezimenduak baldintza hori ezarri badu).
  • Orobat, dendak nahitaez itzuli behar digu ordaindutako zenbatekoa hamalau eguneko epean. Epe hori gainditzen bada, zenbateko horren bikoitza eska dezakegu, eta, gainera, balizko kalte-galerengatiko kalte-ordain bat erreklamatu.
  • Era berean, establezimenduak txartel bidezko ordainketa onartzen duen bereizgarri bat badauka, merkealdietan ere onartu egin beharko du, non eta ez den argi eta garbi adierazten ezin dela horrela ordaindu.
  • Transakzioan arazoren bat hautematen badugu eta erreklamazio bat jarri nahi badugu, kontuan izan behar dugu eman beharreko urratsak desberdinak direla egoitza Espainian duten online denden kasuan eta bestelakoetan. Lehenengo kasuan, lehenik eta behin idatzi bat bidali behar da webgunean agertzen den helbidera. Erantzunik jasoko ez bagenu edo erantzunak konbentzituko ez bagintu, erreklamazioa dagokion kontsumo-erakundera bidali beharko genuke.
  • Dendak ez badu egoitzarik Espainian, baina bai Europar Batasunean, erreklamazioa Kontsumitzaileen Europako Zentroaren ODR plataformaren bidez egin beharko genuke.
  • Merkataritza elektronikoko webgunearen egoitza Europar Batasunetik kanpo badago, lehenik eta behin pentsatu behar dugu ea merezi duen bilatzen duguna atzerriko webgune batean erostea; izan ere, edozein arazoren aurrean, erreklamazioa herrialde horrek izendatutako erakundeei egin behar zaie, edo herrialde horretan bide judizialari ekin.