Astelehen honetan, azaroaren 25ean, Bilboko Udaltzaingoak kanpaina berri bat jarriko du martxan, hurrengo ostiralera arte, hau da, hilaren 29ra arte, indarrean egongo dena. Oraingo honetan, Udaltzaingoak uriko kaleetan ibiltzen diren eskola garraioko ibilgailuak zaindu eta kontrolatuko ditu, Euskadiko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguruko Plan Estrategikoaren baitan antolatutako ekimenean.
Ekimenaren xedea da egiaztatzea nola eramaten dituzten ikasleak beren ikastetxeetara, ea Bilboko Udalak ezarritako eta baimendutako ibilbideak eta geldialdiak egokiak diren eta, gainera, garraio mota horretan jarduten diren ibilgailuen kontrol zehatza egitea.
Ikuskapen mota bi
Udaltzaingoak ikuskapen mota bi egingo ditu. Lehenengoan, administrazio arloko kontrol bat egingo da, eduki beharreko baimen eta agiriak badaramatzaten egiaztatuz, bai ibilgailuei dagozkienak bai gidariei dagozkienak (gidatzeko baimena, asegurua eta alkoholemia kontrola, besteak beste). Bigarrenean, arreta berezia jarriko zaie zerbitzu ematen duten autobusen ezaugarriei, ikasleen segurtasunik handiena bermatzearren.
Arau-hausteren bat ikusiz gero, dagokion salaketa egingo da. Era berean, egiaztatuko da ibilbidea Bilbon duten eskola-autobusek betetzen ote dituzten Udalak ezarritako eta baimendutako ibilbideak eta geldialdiak.
Bilboko Udaltzaingoaren Segurtasun Dibisioak eskuratutako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira estatistikazko analisia egiteko, aldez aurretik horretarako ezarritako adierazle multzo bati egokituz.