Bilboko Udalak 699.908.95 euroko aurrekontua bideratu du, BEZa barne, Otxarkoaga auzoko Txotena kalearen ingurua berrurbanizatzeko, eta dagoeneko amaitutzat eman ditu lan horiek.
Hain zuzen, Next Generation funtsen bidez finantzatutako proiektua izan da. Zehazki, Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioaren "Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bizitegi-birgaitzearen eta etxebizitza sozialaren arloko laguntza-programak, Europar Batasunak finantzatua – NextGenerationEU" deialdiaren barruan sartzen da esku-hartzea.
Zehazki, egindako jarduketak eremu bitan kontzentratuko dira eta guztira 1.710 metro karratuko esku-hartzea izan da. Alde batetik, Irumineta kaleko eskailerak birgaitu dira. Bestetik, Txotena kalearen ingurua berriro naturalizatu da.
Eskailerak birgaitzea
Proiektu honen bidez, erabat berritu dira Iruminetako eskailerak. Guztira, 760 metro koadrotan esku hartu da.
Iruminetako eskailerek 26 metroko kota-aldea gainditzen dute.
Eskailerak berritzeaz gainera, zabalago egin dira: gutxienez metro biko pasabide librea bermatu da, oinezkoen irisgarritasunari buruz indarrean dagoen araudiari jarraituz. Horrez gain, euste-hormak eraiki dira eskaileren ondo-ondoko malda finkatzeko; baranda berriak jarri dira, modernoagoak, eta eskailburuak eta hormak egokitu egin dira eskudelak ainguratzeko.
Hala, eraberritzeak, aldaketa funtzionalak ekartzeaz gain, patroi estetiko eta konstruktibo bera eman dio eskailerari.
Luminarien lerroa eta euri-uren sarea ere berritu dira.
Txotena berriro naturalizatzea
Hiri-bilbean landareak jartzean oinarritzen den birnaturalizazioak askotariko abantailak ditu; esaterako, bero-uhartearen efektua arintzen du, isurtze-uren bolumena murrizten du eta biodibertsitatea sustatzen du.
Ildo horretatik, Udalak, proiektu honekin, eremua landarediaz hornitzea izan du helburu, bai eta irisgarritasuna eta argiztapenaren kalitatea hobetzea eta zoladurak eta hiri-altzariak berritzea ere.
Zehazki, hauek dira naturalizaziorako aurreikusi diren lanak: berdegune gehiago sortzea eta berdeguneen ikus-pertzepzioa hobetzea.
Kasu honetan, jarduketa-eremua 950 metro koadro ingurukoa izan da, eta 26. ataritik 32. atarira eta 34. ataritik 40. atarira bitarteko kale zatia hartu du, Txotenatik Iruminetako eskaileretaraino.
Hiri-altzariak eta landareak
Hiri-altzari berriak jarri dira obrak hartu duen eremu osoan. Hala, lau eserleku berri ipini dira eskailera-buruetan, eta banakako 29 eserleku –biko edo hiruko multzoetan–.
Gainera, zortzi gailu bioosasungarri (eserlekurik gabeko pedalak edo antzekoak) eta sei paperontzi berri jarri dira guztira (bi eskaileretan eta gainerakoak Txotena kaleko inguruan).
Altzairuzko zuhaitz-txorkoak jarri dira eta landareei dagokienez, askotariko zuhaixka-espezieak landatu dira. Horrez gain, hamairu zuhaitz berri jarri dira, magnolia grandiflora espeziekoak.