Terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimei omenaldia egin die Bilboko Udalak
Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egin du igande honetan, azaroaren 10ean, ospatu den Memoriaren Egunarekin. Casilda Iturrizar parkearen pergolaren ondoan dagoen monolitoaren inguruan egin da ohiko lore-eskaintza, terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktima guztiak gogoratzeko. Urtero ospatzen den ekitaldi hau Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topaguneak antolatzen du, Udalaren laguntzarekin.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Udalbatzaren ordezkariekin eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topaguneko kideekin batera, herritarrek parte hartzeko ekitaldi ireki honen buru izan da. Ekitaldian, hainbat ordezkari politiko eta instituzional izan dira, bai eta Bilboko gizartearen ordezkariak ere.
Txistularien Udal Bandaren musikaz lagunduta, biktimak omentzeko eta gogoratzeko bi testu irakurri dira lore-eskaintzan: bat gaztelaniaz, Louise Glücken "El iris salvaje", 2020ko Literaturako Nobel Saria, eta bestea euskaraz, Lucía Martínez Domínguezen testu batean oinarrituta.
Ekitaldia osatzeko, Bilbon izan diren terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktima guztien izenak irakurri dira.
Memoriaren Eguna 2010eko maiatzean ezarri zuten euskal erakundeek, eta azaroaren 10a aukeratu zuten, egun horretan inoiz ez delako atentatu hilgarririk gertatu.
Harrezkero, Casilda Iturrizar parkearen pergolaren ondoan dagoen monolitoa –2006ko otsailaren 2an inauguratua– urtero topagune bihurtu da terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimak ohoratzeko eta gogoratzeko (2020. urtean izan ezik, koronabirusaren pandemiaren ondorioz).
Temas
Más en Bilbao
-
Bilbao ingresa 70.000 euros anuales por los vehículos que no se recogen del depósito
-
Las grúas retiran de las calles de Bilbao una media de 13 vehículos al día
-
'Mila Musika Haria' kontzertu-zikloaren edizio berri bat ospatuko da
-
Ibilgailuen baldintza teknikoak kontrolatzeko kanpainak indartuko ditu Bilboko Udaltzaingoak