Bilboko Udalak 1.242.906,72 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, Bolueta auzoko San Joakim kaleko 19. eta 21. blokeen eta Miraflores etorbideko 23. eta 79. blokeen artean udal igogailu publiko berri bat eraikitzeko. Lanak zortzi hilabeteko exekuzio-epea izango dute, behin proiektua esleituta eta obrak hasita.

Irisgarritasun unibertsalarekin duen konpromisoa betetze aldera, oztopo arkitektoniko bat gainditzea eta auzo barruko joan-etorriak hobetuko dituen ibilbide irisgarri bat izatea lortu nahi du Udalak igogailu barriarekin Interes orokorreko jarduera da, eta jarduketaren tokitik hurbilen dauden atarietako bizilagunei ez ezik, gainerakoei ere mesede egiten die. Kontuan izan behar da, gainera, inguruan hainbat ekipamendu daudela, hala nola Karmelo ikastola eta etorkizunean beste batzuk egongo direla, esaterako, Osakidetzako osasun-zentro berria.

Igogailu berriak 12,94 metroko desnibela gaindituko du, geldialdi bi izango ditu eta metalezko egitura duen nukleo bertikal baten bidez gauzatuko da, beira laminatuz estalita. 13 lagunentzako lekua izango du eta bideoz zainduta egongo da eguneko 24 orduetan.

Igogailuaren goiko irteeran 25,74 metro luze eta 2,40 metro zabal izango den metalezko pasabidea jarriko da.

Eskaileren zati bat eraitsi egingo da igogailua jartzeko, eta proiektuaren esparruan jarriko dira berriro. Proiektuaren arabera, gainera, eraginpeko eremua berrurbanizatuko da, eta hiri-altzari berriak jarriko dira.

Mugikortasun bertikala

Bilbon 72 igogailu publiko daude martxan.Horiei gaur egun egiten ari diren sei jasogailuak gehitu behar zaizkie: Masustegi auzoko jasogailu inklinatua; bi jasogailu Zurbaranbarri auzoan; bat Urretxindorra ikastolaren ondoan, Miribilla eta San Adrian auzoen artean; bat Moncada kalean, Errekalden; eta azkena. San Frantzisko auzoan, Harrobi plazaren eta Kontzezio kalearen artean.

Halaber, beste proiektu bat ere badago, kasu honetan lizitazio-fasean: Fika eta Iturribide kaleen artekoa.

Auzokide Plana

Igogailu hori eraikitzea uriko auzoak hobetzeko Auzokide Planaren barruan sartzen da, beraz, 4. barrutiko (Begoña) bizilagunek lehentasuna eman diote.