Urriaren hasierarekin batera, perretxikoak identifikatzeko doako zerbitzua aktibatu du Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo sailak. Bertan, perretxikozaleen kontsultak eta zalantzak argituko dituzte, pozoitsuak izan daitezkeen perretxikoek osasunean eragin ditzaketen kalteak ahalik eta gehien txikitzeko..
Zerbitzuaren zereginen artean daude bildutako perretxikoak jangarriak direla egiaztatzea —eta, hala, intoxikazioak ekiditea— eta perretxikozaletasunari lotutako zalantzak argitzea.
Álvaro Pérez Osasun eta Kontsumoko zinegotziak eta Álvaro Chirapozu Elikagaien Ikuskaritzako eta Zoonosiko Sekzioko buruak aurkeztu dute zerbitzua, gaur goizean. Perretxikozaleen komunitateak asko estimatzen du ekimen hau.
Zinegotziak azaldu duenez, zerbitzu hau 'tresna funtsezkoa da kontsumorako egokiak ez diren perretxikoen kontsumoari lotutako arriskuak minimizatzeko”, eta jarduera honen zale guztiei doako baliabide hau erabiltzeko gonbidapena luzatu die.
Iaz bezala, aurten ere mikologia zaleek Osasun eta Kontsumo Saileko bulegoetara joan beharko dute (Kristo kalea 1, 5. solairua). Jendaurreko ordutegia hau izango da: urriko eta azaroko astelehen guztietan, 9:30etik 13:30era. Jaiegun baten ondorengo egunetan ere hartuko da jendea. Kasu honetan, urriaren 13an eta azaroaren 2an. Egun horietatik kanpo aurretiko hitzordua ere eska daiteke 94 420 49 24 eta 94 420 49 63 telefonoetan.
Gomendioak
Ahal dela, komeni da perretxikoak batu dituena bera hurbiltzea zerbitzura, inguruneari eta habitatari buruzko zehaztasunak eman ahal izan ditzan. Era berean, komeni da bildutako perretxiko mota bakoitzaren ale bat baino gehiago eramatea (zurtoina osorik dutela, ebaki barik), beste espezieetakoekin nahastu barik.
Gainera, Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak zaleei gogorarazten die hazita eta osasuntsu (zizarerik gabe) dauden aleak bakarrik jaso behar direla. Bestalde, komeni da kontsulta perretxikoak batu eta ahalik arinen egitea (bi egunen buruan, gehien jota), eta bildutakoa plastikozko poltsetatik kanpo gordetzea, zabal-zabal jarrita, hozkailuaren beheko aldean, trapu garbi eta lehor batez estalita.
Ez da komeni perretxikoak garbitzea ez izoztea identifikatu aurretik, berezko usaina eta kolorea galtzen dutelako; eta ez dira ontzi berean perretxiko desberdinak nahasi behar.
Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo sailak herritarrak animatzen ditu zerbitzua erabiltzera eta jaso dituzten perretxikoen gainean dituzten zalantza guztiei buruz galdetzera. Horrez gain, perretxikoak jaten dituztenei gogorarazten die ondoeza nabarituz gero, osasun-larrialdietara jo behar dutela, berehala.