Irailaren 13an, ostirala, irekiko da Bilbao Eszenak urtero eskaintzen dituen ikastaroetan izena emateko epea. Antzerkiaren mundian aldez aurretik prestakuntza-esperientziarik izan ez duten pertsonei bideratutako prestakuntza da batez ere. Aurreinskripzioa Bilboko Udalaren webgunean egin ahal izango da irailaren 27ra arte.
2024-2025 ikasturtean, urria eta ekaina bitartean, interesa duten pertsonek lau tailerretan parte hartu ahal izango dute. Tailer horietako bi helduei zuzendutakoak izango dira – bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz –, eta beste biak gazteei eta haurrei zuzendutakoak, euskara hutsez.
Bilbao Eszenako ikastaroak
Urritik aurrera, interesdunek honako ekimen hauetan parte hartu ahal izango dute:
- Eszenarako prestakuntza eta sorkuntza (gaztelaniaz)
Helduei zuzendutako 60 orduko ikastaroa da eta asteazkenero emango da, 19:00etatik 21:00etara. Bertan, interpretazio- eta sorkuntza-lanaren hastapena jorratuko da, antzerki-emanaldien testuinguruan. 191 euroko kostua du (157,50 euro langabezian dauden eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonentzat).
- Prestakuntza eta sorkuntza eszenikoa (euskaraz)
Euskaraz eskainia, helduentzako interpretazio eta sorkuntza eszenikoaren hastapenak dira. Ikastaroa astelehenetan izango da, 19:00etatik 21:00etara, eta 60 orduko iraupena izango du. Ikastaroaren kostua 191 eurokoa da (157,50 euro langabezian dauden eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonentzat).
- Antzerki tailerra gazteentzat (euskaraz)
Gazteei zuzendua, zehazki 2006 eta 2011 urteen artean jaiotakoei. Euskarazko prestakuntza ostegunetan izango da, 19:00etatik 20:30etara, eta guztira 45 orduko iraupena izango du. Gorputzaren ezagutza lantzeko ariketak eskainiko dira, baita pertsonaiak eta istorioak garatzeko irudimena eta emozioak lantzeko ariketak ere. 123,50 euro matrikula arruntarekin eta 90 euro langabezian dauden edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten gurasoak dituzten gazteentzat.
- Haurrentzako antzerki tailerra (euskaraz)
Euskaraz eskaintzen da eta 45 prestakuntza-ordu ditu. 2012 eta 2015 urteen artean jaiotako adingabeei zuzenduta dago, eta ostegunetan egingo da, 17:30etik 19:00etara. Ariketen eta praktiken bidez gorputzaren adierazkortasuna ezagutzen irakastea du helburu. Irudimena eta jolasak ere landuko dira, pertsonaiak eta istorioak sortzeko tresna gisa. 123,50 euro, matrikula arruntarekin, eta 90 euro, langabezian dauden edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten gurasoak dituzten adingabeentzat.
Matrikulak formalizatzea eta baldintzak
Ohikoa denez, eskaerak eskainitako plaza-kopurua gainditzen badu, aurrez izena emandakoen artean hautaketa bat egingo da, honako irizpide hauen arabera: lehentasuna izango dute Bilbon erroldatutako pertsonek, eta lehentasuna emango zaio gizonen eta emakumeen arteko orekari, bai eta euskarazko taldeen prestakuntzari ere.
Hautatutako ikasleei posta elektronikoz jakinaraziko zaie urriaren 4an, eta, une horretan, matrikulazioa formalizatzeko egin beharreko urratsen berri emango zaie.
Ikastaroak baliogabetu ahal izango dira aurreinskripzio nahikorik ez badago. Deuseztapen horiek interesdunei jakinaraziko zaizkie. Matrikula formalizatuta, tailerra baliogabetzen bada bakarrik itzuliko da zenbatekoa.