Urtero bezala, udaz familia bilbotarrekin gozatzen ari diren Saharako eta Europa ekialdeko herrialdeetatik datozen umeei harrera egin die Bilboko alkate Juan Mari Aburtok. Ekitaldia astearte honetan goizean egin da udaletxean, eta bertan Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Inmigrazioko zinegotzi Kontxi Claverrek eta beste zinegotzi batzuek hartu dute parte.

Arabiar Aretoa izan da ekitaldi sinboliko horren agertokia. Tindoufeko (Aljeria) errefuxiatu sahararren kanpamenduetatik iritsitako zazpi ume eta Ekialdeko Europatik etorritako 6 ume bildu dira, harrera-familiekin batera. Ekitaldi horretan, zenbait haurrek "Printze txikia" liburuko seigarren kapituluko zati batzuk irakurri dituzte. Horrela, "esperientzia xume baina esanguratsuak" ekarri dituzte gogora, hala nola "mendian paseatzea, hondartzan hareazko gazteluak eraikitzea, txokolatezko izozki bat dastatzea edo parkeko txirristan irrist egitea"; hilabete hauetan horiek gozatzeko aukera izango dute Bizkaiko hiriburuan.

Alkateak eskerrak eman dizkie familiei beren "etxeak" Euskadikoak ez diren errealitateetatik datozen adingabeei irekitzeko "eskuzabaltasunagatik", "jatorrizko herrialdeetako bizi-baldintza zailetatik atseden hartzeko" aukera eskainiz. "Zuenaren moduko keinuek laguntzen digute egunero Balioen Hiria eraikitzen", azpimarratu du.

Bilbora lehenengoz iritsi diren umeek beren garapena eta hazkundea hobetu ahal izango dituzte, baita gatazka-eremuetan edo muturreko giroa duten eremuetan bizitzearen ondorioak arindu ere.

Bai alkateak, bai Kontxi Claver Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Immigrazioko zinegotziak eskerrak eman dizkiete neska-mutilak uda igarotzera Euskadira etortzea ahalbidetzen duten elkarteei, Fronte Polisarioaren Euskadiko Ordezkaritzari eta Chernobileko Umeak elkarteei.

Bilbo, Balioen Hiria

“Elkarteen inplikazioak eta jarduerak, eta harrera-familien eskuzabaltasunak, aukera ematen dute udan Saharatik eta Ekialdeko Europatik bisitan etortzen zaizkigun umeentzako bake- eta zoriontasun-guneak sortzeko”, nabarmendu du Kontxi Claverrek. Era berean, gogoratu du Udalak lankidetza daukala elkarte horiekin, Bilbao Balioen Hiria udal-estrategiarekin daukan konpromisoaren zati gisa, zeinak hainbeste balio indartzen baititu (elkartasuna, konpromisoa, aniztasuna, inklusioa eta desberdintasunen murrizketa), 2030 Agendako Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat etorrita.

Gainera, lankidetza horrek adingabeak babesten eta uriko bizitzan parte har dezaten laguntzen du, Bilbo uria, haurren laguna den neurrian hartutako konpromisoan jasotzen den moduan.

Akordio horien artean, Udalak 1999az geroztik lankidetzan dihardu Fronte Polisarioko Ordezkaritzarekin, Saharako adingabeei zuzendutako "Oporrak bakean-Vacaciones en paz" programan; bestalde, duela hamabost urtetik hona, elkarte desberdinekin aritzen da Europako Ekialdetik adingabeak hartzeko eta lekualdatzeko, aurten Chernobileko Umeak elkarteak sei ume ekarri dituzte.

Era berean, Bilbao Kirolak eta Azkuna Zentroa bezalako udal-erakundeek laguntzen dute adingabeen eta haien harrera-familien uda dibertigarriagoa egiten, igerilekuen erabilera bultzatuz.

Ongietorri jaia uztailaren 13an

Datorren uztailaren 13an, larunbata, 11:30etik 17:30era, Casilda Iturrizar parkean "Ongi etorri Saharako Umeak", ekitaldia ongietorria emateko egingo zaie haur sahararrei eta haien harrera-familiei, Bilboko Udalak antolatuta, Euskadiko Fronte Polisarioarekin, Oporrak bakean programarekin, Euskal Fondoarekin eta Panpotx Kultur Elkartearekin batera. Bost gune bereiziko dira: Aaium, Auserd, Bojador, Bajla eta Smara, eta bakoitzean hainbat jarduera egongo dira: perkusio tailerra, puzgarriak, herri kirolak eta animazio jarduerak, besteak beste.