Bilboko Udaltzaingoak gidatzean alkohola, drogak eta farmakoak kontsumitzeak dituen arriskuei buruz kontzientziatzeko kanpaina espezifikoa jarriko du martxan astelehen honetan, uztailaren 1ean. Euskadiko Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoaren barruan antolatutako kanpaina hau hurrengo ostiralera arte luzatuko da, hau da, uztailaren 5era arte. Denbora-tarte horretan, egunero hiru kontrol egingo dituzte uriko toki desberdinetan, gidatzean arrisku handia eragiten duen jokabide hori eragozteko.
Errepidean heriotza eragiten duten istripuetan, hirutik batean, alkohola eta drogak izaten dira eragile, edo tartean izaten dira. Izan ere, gidatu behar denean alkohola edo drogak hartzen badira, 2 eta 15 bider artean handiagoa izaten da istripu bat izateko arriskua (hartutako kantitatearen arabera).
Alkohola eta drogak kontsumitzeak, istripuak gertatzeko arriskua areagotu ez ezik, heriotza-tasa handiagoa ere badakar, oso eragin estua duelako jasaten diren lesioek pronostiko larriagoa izatearekin.
Prebentzio-kontrolak
Iazko urtarriletik abendura bitartean, Udaltzaingoak alkoholaren eta drogaren alorreko 208 prebentzio-kontrol egin zituen urteko zenbait asteburutan, eta sarriago Aste Nagusian eta Gabonetan.
Kontrol horietan, Bilboko udaltzainek 2.509 alkohol-proba eta 260 droga-proba egin zituzten guztira. Emaitza: 56 positibo alkohol-probetan (ondorio administratiboak dituzten 51 alkoholemia eta ondorio penalak dituzten 5 alkoholemia) eta 12 positibo droga-probetan (denak ala denak ondorio administratibokoak).