Bilboko Itsas Museoak babesleku klimatikoen sareari buruzko informazio-jardunaldia jaso du, non, beste gaien artean, irietako bero-boladei aurre egiteko funtsezko baliabide bihurtzen dituzten alderdi garrantzitsuenak jorratu diren.

Nora Abete alkateorde eta Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak inauguratu du topaketa, eta azpimarratu du udalak konpromisoa hartu duela herritarrei espazio horiek eskaintzeko, udan muturreko tenperaturen eraginetatik babesteko behar-beharrezkoak dira-eta.

Ildo horretan, Nora Abetek azpimarratu duenez, "Bilbon barruko eta kanpoko ekipamenduak dauzkagu, herritarrei tenperatura handien eragina arintzeko baldintza egokiak dituztenak, eta lanean ari gara berdegune gehiago izateko, helburu hori lortzen laguntzearren, eta leku egoki gehiago izateko, babesleku klimatiko bihurtzeko". 

Jardunaldian, Victor Trimiño Bilboko Udaleko Jasangarritasuneko zuzendariak azaldu du nola eragiten duen tenperaturak osasunean, zergatik sortzen den bero-uhartearen efektua hirietan eta horrek zer ondorio dituen; era berean, datuak eman ditu bero-boladek hiri handietan duten inpaktuari buruz. Horretarako, Bartzelonako klima-aldaketaren eta jasangarritasunaren bulegoko arduradun Mar Campanerok parte hartu du. Horrek erakutsi du muturreko tenperaturaren ondorioei aurre egiteko Kataluniako hiriburuaren esperientzia.

Udalak datozen urteetan tenperatura igotzeak dakartzan arriskuei aurre egiteko duen estrategiaren berri ere eman da, hala nola azpiegitura berdearen plana edo babesleku klimatikoen sarea handitzea eta optimizatzea.

Babesleku klimatikoak

Ekipamendu edo espazio horiek baldintza egokiak dituzte herritarrak muturreko tenperaturetatik babesteko edo arintzeko, bai eta muturreko beroak osasunean dituen ondorio negatiboei aurre egiteko ere.

Bilbon 131 babesleku klimatiko daude gaur egun. Ekipamendu horietako 65 barruko espazioak dira eta 66 kanpokoak. Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak informazio-liburuxka bat argitaratu du, kokapen bakoitza agertzen duen mapa batekin. Bilboko biztanleen % 96k 300 metro baino gertuago du babesleku klimatikoren bat (131 dira guztira), eta % 43k 100 metro baino gertuago. 

Barruko espazioak liburutegiak, udaltegiak, kirol ekipamenduak, garraiobideen geltokiak, museoak, erakusketa-aretoak eta merkataritza-zentroak eta antzekoak izaten dira. Eraikinok, oro har, hoztuta egoten dira eta ura izaten dute, eta egoteko, freskatzeko eta tenperatura handiek eragiten duten neketik oneratzeko aukera ematen dute.

Kanpoaldeko babesleku klimatikoak, ostera, uriko berdeguneak izaten dira, dauzkaten landaretza eta gerizpe ugariak direla-eta pertsonen sentsazio termikoa hobetzen dutenak, bero handiko egunetan babes naturala eskainiz. Horrez gain, uriko iturriak eta ura daukaten espazioak ere lagungarriak izan daitezke beroaren kontra, freskatzeko eta hidratatzeko.

Leku horiek bereziki erabilgarriak eta gomendagarriak dira pertsona zaurgarrientzat, horietan babesa hartu ahal izango baitute eta bero-kolpeak saihestu; izan ere, bero-kolpeek, muturreko kasuetan, gorakoak, palpitazioak, konortea galtzea eta heriotza ere eragin dezakete eta eraginik handiena haurrek edo adinekoek jasaten dute, muturreko tenperaturak jasateko gaitasun txikiagoa dutelako.

Muturreko beroak osasunean izan ditzakeen ondorioak ahal den neurrian prebenitzeko, Udaleko Osasun Saileko Osasunaren Sustapeneko Sekzioko langile espezializatuek prestakuntza eman diete barruko babesleku klimatikoetan diharduten langileei. Trebakuntzaren funtsa izan da arrisku handiena duten biztanle-sektoreak identifikatzea, tenperatura altuek osasunean dituzten ondorioak zehatz-mehatz ezagutzea, eta zorabioen eta bero-kolpeen aurrean zelan jardun behar den.

Gaurko informazio-jardunaldian, bide batez, Bilboko babeslekuen sarea ezagutarazteko udan egingo den kanpaina aurkeztu da. Babesleku horiek Bilboko barruti guztietan daude.

Muturreko beroak ondorio larriak izan ditzake osasunean

Ikerketa epidemiologikoek erakutsi dute tenperatura altuek eragin zuzena dutela gaixotasun kardiobaskularrek eta arnasketakoek eragindako hilkortasunean. Euskal Autonomia Erkidegoan, azken lau urteetan muturreko tenperaturei egotz dakizkiekeen 454 heriotza identifikatu dira, eta horietatik 169 2023ko uda sasoian gertatu ziren.

Aldaketa termikoek sistema termo-erregulatzailearen erantzun fisiologiko eskasa eragin dezakete, eta horrek nahasmenduak eta alterazioak eragiten ditu, osasunean ondorioak izan ditzaketenak, ondorio larriak edo ez hain larriak.

Tenperatura altuek biztanle guztiengan eragina izan dezaketen arren, badira zenbait arrisku faktore ondorio larriagoak eragiten dituztenak osasunean. Gorputza estres termikora egokitzeko arazo gehiago izan ditzakete bularreko haurrek eta haur txikiek, adineko pertsonek, haurdun daudenek, obesoek eta patologia kronikoak dituztenek.

Era berean, ondorio kaltegarriagoak izateko arriskua dute estatus sozioekonomiko baxua duten pertsonek, etxebizitzetan baldintza egokirik gabe bizi direnek edo mendekotasun motaren bat dutenek. Tenperatura altuak arriskutsuak dira, baita, tenperatura horien eraginpean ahalegin fisiko handiak egiten dituzten pertsonentzat.

Tenperatura altu iraunkorren ondorioak jasateko beste faktore bat da eraikinak berotzea, eta horrek lo egiteko eta atseden hartzeko ezintasuna dakar. Horrelakoetan, gomendatzen da etxea fresko edukitzea, pertsianak jaistea eta gauez leihoak irekitzea.

"Bero-uharteak"

Klima-aldaketaren ondorioz, bero-boladak areagotu egingo dira datozen urteetan Espainian. Santiago de Compostelako eta Vigoko unibertsitateen ikerlan batek aurreikusi zuen bero-bolada horien intentsitatea % 104 haziko dela datozen urteotan (2021-2050), Iberiar Penintsula osoan.

Tenperatura altuak direla-eta, muturreko beroaren ondorioz, hiriak "bero-uharte" bihurtzen dira. Hormigoia eta zoladura ugari egoteak dakarren efektua da, berdeguneen eta espazio naturalen kaltetan. Horren guztiaren ondorioz, tenperatura altuek eragin bereziki garrantzitsua dute hiriguneetan, eta horrek herritarren osasuna arrisku larrian jar dezake.

Zentzu horretan, hirietan klima-aldaketari aurre egiteko neurri bat dira babesleku klimatikoak. Gero eta sarriago ematen diren bero-boladetatik babesteko egokitutako guneak dira. Eguraldiaren gorabehera horiek gero eta gehiagotan ematen direnez, Bilboko Udalak "babesleku klimatikoak" sortzearen aldeko apustua egin du, egoera zaurgarrienean dauden herritarrek bertan babes hartu eta bero-kolpeak ekidin ditzaten.