Síguenos en redes sociales:

Amaitu dira Iturribide kalea hobetzeko lanak

Bilboko Udalak 1.230.840 euroko aurrekontua bideratu du, BEZa barne, Iturribide kalean hobekuntza-lanak egiteko. Bada, aste honetan amaitutzat eman dira lanak, kaleari estetika modernoagoa eta atseginagoa eman eta gero.

Obren ondoren kalea zelan geratu den ikusteko, hara joan da gaur goizean Juan Mari Aburto alkatea, Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotziarekin, Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotziarekin eta udal korporazioko beste kide batzuekin batera.

Aburtok obrak egin diren eremua bisitatu du, 3.100 metro koadro inguruko eremua, Iturribide kalearen eta Aurrekoetxea plazaren arteko bidegurutzetik –Iturribide kaleko 61. eta 78. zenbakien inguruan– Zazpi Kaleetaraino –37. eta 46. zenbakietan–.

  • Galtzadaren zabalera 3,50 metrora murriztu da modu jarraituan esku hartzearen eremu osoan, galtzadaren bi aldeetako aparkalekuak kenduz. Horren ondorioz, espaloiak zabaldu egin dira, aparkalekuen espazioa hartu baitute.
  • Zutoin guztiak kendu dira eta galtzada mugatzen duten elementu horien ordez oinezkoentzako altzari atseginak jarri dira, hala nola hormigoizko eserlekuak (egurrezko bizkarraldearekin batzuk eta bizkarrik gabe beste batzuk) eta eserlekuak dituzten jardinerak, besteak beste.
  • Espaloietako zoladura erabat berritu da.
  • Argiztapena hobetu da, hormako luminariak kendu eta luminaria bertikalak jarriz eta argien banaketa homogeneoagoa eginez.
  • Bizikleta-aparkalekuak jarri dira, bizikleten erabilera sustatzeko.
  • Galtzadaren altuera handitu egin da, kale osoa kota berean berdintzeko eta, horrela, kalea oinezkoen lehentasunezkoa izatearen sentsazioa areagotuz.

Zoladurak, argiak eta hiri-altzariak

Oinezkoentzako zoladuretarako, hainbat soluzio erabili dira: granito erako lauza hidraulikoa eta baldosa podotaktila lehenengo jarduketa-eremuan, eta granitozko galtzada-harria eremuaren amaieran, Zazpi Kaleetako oinezkoentzako gunearen loturan, horrela galtzada-harrizko bilbea mantenduz.

Bestalde, asfalto inprimatua erabiliko da galtzadaren eremurako. Dekorazio-teknika jasangarria da eta galtzada-harrizko bilbea imitatzen du, oinezkoen gunea izatearen sentsazioa handitzeko.

Obrak egin aurretik, argiztapen-lerro bik zeharkatzen zuten, luzetara, kale osoa, espaloi bakoitzeko bat, lurpeko sarearen bidez. Eta, luminaria bat izan ezik (52. atariaren parean dagoen zutoina), guztiak zeuden fatxadetan ainguratuta. Horregatik, argiztapena ere erabat berritu da. Horrela, luminariak, fatxadetan egotetik espaloiko zutabeen gainean egotera pasatu dira. Kutxatilak ere berritu egin dira, baita lerroa bera eta kableak ere. Kable guzti-guztiak lurperatu egin dira. Gainera, zuntz optikoa hedatzeko hodi gehigarri bat sartu da.

Hiri-altzariei dagokienez, esku-hartzearen eremuan 27 eserleku jarri dira, hiru motatakoak: 6 hormigoizkoak dira, beste 7 hormigoizkoak baina egurrez estaliak eta beste 14 hormigoizkoak, egurrez estaliak egurrezko bizkarrarekin. 

Era berean, 6 zakarrontzi berri jarri dira, bizikleta-aparkaleku bat –10 plazako edukiera duena, Maristen ikastetxerako sarbidea ematen duen plazan kokatua–, eta 29 jardinera, altuera aldakorrekoak eta 0,7 metroko diametrokoak, gris koloreko hormigoi prefabrikatuz egindakoak. Landare aromatikoak landatu dira jardineretan, hala nola begonia eta izpilikua.

3 txorko, hazkuntza erradikal kontrolatuko sistema daukatenak. Horietan 3 zuhaitz berri landatuko dira (astigarrak).

Interbentzio artistikoa

Udalak, gainera, erabaki du Iturribide kaleko zati horren eraberritze integralaren barruan irudi artistikoen proiektu bat sartzea eta, hartara, irudiak margotuko dituzte hutsik dauden lonjetako eta merkataritza-lokaletako pertsianetan.

Horiek horrela, lonjen jabeei dei egin ondoren, 44 lagun jarri dira harremanetan udal-teknikariekin proiektuan parte hartzeko. Beraz, 44 lonjatan gai askotako irudiak margotuko dituzte. Bederatzi artista izango dira horretaz arduratuko direnak.

Pertsianetako irudien gaien artean, paisajismoa, euskal kostunbrismoa, pop artea, rock artea, erretratuak, bodegoiak, natura... daude, hau da, irudi figuratiboak zein abstraktuak.

Esku hartzeko proiektu horrek 60.000 euro baino zerbait gehiagoko aurrekontua izango du, eta uztailaren erdialdean esleitzea aurreikusi da.

Proiektuan parte hartzeko hautatutako artistak bilbotarrak izango dira, Arte Ederretan lizentziadunak, prestakuntza espezifikoa eta irudigintza eta arte publikoan esperientzia dutenak. Era berean, irudiaren zirriborroa aurkeztu beharko dute Bilboko Udalean, betiere esleitu zaizkien pertsianen dimentsioei eta ezaugarriei egokituta. Bilboko Udalak eta Bilbao Arte Fundazioak erabakiko dute non zein irudi egiten den.

Lanak esleitu ondoren, hiru hilabeteko epea egongo da gauzatzeko.