Ekainaren 14 eta 15eko arratsalde-gauetan ospatuko den Gau Zuriarako prestatutako 33 emanaldi artistikoz eta 2 ikuskizun ibiltariz osatutako programazioa aurkeztu egin du Bilboko Udalak. Emanaldi horiek 19:30etik 00.30era egingo dira bi egun horietan.

Juan Mari Aburto alkateak xehetasunak azaldu ditu gaur goizean, prentsaurrekoan, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Begoña Escribano Gau Zuriaren zuzendariak lagunduta.

"Bilbo galaz, sormenaz eta teknologiaz jantziko da, bilbotarrek eta bisitatzen gaituzten pertsona guztiek paisaia eraldatuko uri batez gozatu ahal izan dezagun, gure egutegian hain adierazgarria den egunean. Horrela, gure urian ohikoa ez den edertasun bat deskubrituko dugu", adierazi du alkateak.

Gau Zuriak hainbat kultura-espazio irekiko ditu aldi berean (Arriaga Antzokia, Arte Ederren Museoa, Azkuna Zentroa, Euskalduna Jauregia, Eleiz Museoa, Itsasmuseoa...), eta hiri-paisaiako eguneroko espazioak dekoratuko dira: elizak, plazak, parkeak, kaiak edo zubiak.

Berrikuntza modura, ibilbidean Bilborock aretoa eta BilbaoArteko "Uribitarte 40" erakusketa-areto berria sartuko dira, "ibilbideak aukera asko eskainiko dizkigu, beti bezala, bakoitzak Gau Zurian izango duen esperientzia autodiseinatzeko", adierazi da aurkezpenean, "Enkarnazio plazatxotik Sota kairaino, Indautxu plazatik eta Azkuna Zentrotik pasatuta".

Horrela, bada, auzoek ere protagonismoa izango dute aurtengo edizioan, eta Atxurin, Zazpi Kaleetan, Bilbo Zaharran, Indautxun eta Abandon emanaldi artistikoak egingo dira.

"724. urteurren honetarako proposamen interesgarria, doakoa, irisgarria eta parte-hartzailea dugu, era guztietako ikusleentzat diseinatua... kultura hurbiltzeko estrategiarekin", nabarmendu du Juan Mari Aburtok. 2024ko Gau Zuria programan soinu-eskulturak, instalazio interaktiboak, parte-hartzaileak eta murgiltzaileak, musika, antzerkia, dantza eta formatu handiko jokoak aurki daitezke.

Aurtengo edizioan, Gau Zuriaren zuzendariak zehaztu duenez, "herritarren artean hainbeste ikusmin pizten duten argi- eta musika-ikuskizunak berreskuratzen dira, mapping-bideoak, soinuarekin batera egindako irudi-proiekzioak, Arriaga Antzokiaren fatxadaren gainean eta Eleiz Museoaren klaustroan. Esku-hartze horiek beren beregi diseinatu dira GAU ZURIrako, bai eta 250. urteurrena ospatzen duen Erruki Etxearen "Ezkontza-kontakizunak" pieza ere".Gainera, uriaren ohiko algaran murgilduta, ikuskizun ibiltari bi Bilboko hainbat espaziotan ibiliko dira.

Bilboren 724. urteurrena

Gau Zuria uriaren 724. urteurrenaren ospakizunetan kokatzen da.

Ekainaren 15ean, zapatua, uria 1300. urtean sortu zen egunez, Bilboko bandera altxatuko da Ernesto Erkoreka Plazaren erdiko lorategietan, Juan Mari Aburto alkatea ekitaldiko buru delarik. Berarekin batera korporazioko kideak egongo dira. Ondoren, herritarren lore eskaintza egingo da Diego jaunaren omenez. Juan Mari Aburto alkatea eta zinegotziak, dantzariz eta txistulariz lagunduta, Udaletxetik Plaza Biribileraino joango dira. Plaza horretan dago uriaren sortzailearen estatua eta han egingo da erromeria.

  • Barruko espazioak sarrera librekoak dira, harik eta edukiera osatu arte.
  • Ekainaren 12tik aurrera, programa turismo-bulegoetan eta instalazioren bat hartzen duten zentroetan egongo da eskuragarri.