Larunbat honetatik aurrera, itxura berria izango du larunbatero Bilboko Areatzako Estalpeetan egiten den Gure Lurreko Merkatua izeneko nekazaritzako elikagaien merkatuak. Pixkanaka-pixkanaka bere diseinua eguneratzen joan da, salmenta-postuetarako materialak eguneratzen, eta abar, baina gaur aurkeztu egin du prozesu horren emaitza.

Prozesu honen helburua azoka honetan parte hartzen duten baserritarrek merkaturatzen dituzten produktuen kalitatearekin bat datorren irudia eskaintzea izan da; ekimena Bizkaimendik antolatzen du eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoa eta Bilboko Udalaren laguntza ditu.

Ildo horretatik, saltoki hauek eskaintzen duten irudia bateratzea eta irudi horren perspektiba bertikalagoa bilatu da, erosle gehien dagoen uneetan ere ondo ikus dadin. Horregatik saltoki berriek merkatuan parte hartzen duten ekoizleen identifikazio-errotulu bat dute, postuaren salmahaiaren mailaren gainetik bi metroko altueran altxatzen dena. Kartel horretan baserritarraren edo nekazaritza-ustiategiaren izena, merkatuaren logotipoa eta, hala bada, salgai dagoen produktua ekoizpen ekologikokoa dela adierazten duen identifikazioa jasotzen dira.

Salmahaien alboak olana beltz batez eginda daude eta horren gainean zurezko listoi bertikalak jarri dira, eta horien gainean Gure Lurreko Merkaturako propio egindako mahai-zapia jartzen da eta, dituen ezaugarriengatik, ekimenaren sustatzaileek lortu nahi duten irudia bateratzen laguntzen du.

Gainera, produktuen ikuspena hobetzeko, postuaren estetika berari jarraituz eskailera formako mahai gaineko erakusmahaiak diseinatu dira, produktuak maila desberdinetan jartzeko.

Estetikarekin batera, nekazaritzako elikagaien merkatu honen irudia eguneratzeko orduan, saltokiak garraiatzeko, muntatzeko eta desmuntatzeko erraztasuna lehenetsi da; era berean, material erresistenteak eta erraz garbitzekoak erabili dira parte hartzen duten pertsonek produktuekin egin behar dituzten lanak errazteko.

Gure Lurreko Merkatua

Nekazaritzako elikagaien merkatu honen jatorria Bizkaimendik 2014. urtea baino lehen Bilbon egiten zituen merkatu ibiltarietan dago. Une horretan egungo formatua hartu zuen eta egoitza Bizkaiko hiriburuko Areatzako Estalpeetan ezarri zuen.

Merkatu hau Bizkaiko ekoizle txikiek euren ekoizpena kontsumitzaileei zuzenean merkaturatzeko helburuarekin jarri zen martxan, euren produktuei eta lanari balioa emateko formula gisa, bi aldeen arteko lotura sortzeaz eta kalitatezko tokiko produktuak eskuratzeko aukera emateaz gain.

Gaur egun 35 ekoizlek hartzen dute parte merkatu honetan. Txandaka aritzen dira eta egun bakoitzean 15 ekoizle izaten dira euren produktuak salgai jartzen dituztenak gure lurraldean ekoizten diren elikagai-produktu fresko eta eraldatuen sorta osoa eskainiz: sasoiko barazkiak eta frutak, marmeladak, behi-esne freskoa eta jogurtak, ardi-, ahuntz- eta behi-gaztak, txerri- eta behi-haragiak, hestebeteak, eztia, zukuak, ahatearen eratorriak, gildak, artisau-ogiak eta euskal pastela, arrautzak, sagardoa, txakolina...

Gure Lurreko Merkatuaren eredua Bizkaiko beste udalerri batzuetan ere errepikatzen joan da eta gaur egun Balmasedan eta Galdakaon ere martxan dago.