Bilboko Udalak 106.776 euroko aurrekontua bideratu du, BEZa barne, Masustegui eta Mintegitxueta auzoetan eraiki diren kirola egiteko zein egoteko gune berriak eraikitzeko. Bada, obra horiek dira argitaratu berri den InfoBilbao aldizkariaren zenbaki berriaren gai nagusia. Zehazki, honako leku hauetan daude gune horiek: Masustegi kaleko 161. zenbakiaren parean, kale bereko tabernaren plazan eta Mintegitxueta auzoko 55. zenbakiaren aurrean.

Aldizkariaren 3.000 ale argitaratu dira, eta bihar bertan hasiko dira postontzietan banatzen, inguru hartako auzokideen artean. Udal-ekipamenduetan ere ale batzuk egongo dira eskuragai.

Horrez gainera, argitalpenak auzoan egiten ari den beste proiektu garrantzitsu bati buruzko informazioa ere jasotzen du: Masustegi estrataren beheko eta goiko (111. eta 113. zenbakien parean) aldeak lotuko dituen igogailu makurtu bat, alegia. Udalak 4.492.332 euro (BEZa barne) inbertituko ditu proiektu horretan.

Gaur egun, bi zona horien arteko konexioa oinezkoa da batez ere. Hori dela-eta, inguruko bizilagunek ezinbestean ibili behar izaten dute eskailerak eta arrapalak dituzten ibilbideetatik, eta horiek ez dira irisgarriak mugikortasun murriztua duten pertsonentzat.

Igogailuak bi geltoki izango ditu; lerroan 90,48 metroko ibilbidea egingo du, eta 49,86 metroko desnibela gaindituko du, 1,6 m/s-ko abiaduran.

Kabinan hogeita bost lagun hartu ahal izango ditu, eta bideozaintza izango du egunean 24 orduz.

Obrak iazko maiatzean hasi ziren eta azaroan ekin zaie berriro. Ekainean eten egin behar izan ziren, hurbil zegoen tentsio ertaineko linea bat lekuz aldatzeko.