Udalak UNICEFen aintzatespena jaso du, Bilbo haurren lagun den hiri izendatzen duena. Programa horrekin, herriek eta hiriek ume eta nerabeen alde egindako lanaren balioa aitortzen du UNICEFek. Bilbok 2018ko azaroan lortu zuen “Bilbo, haurren laguna” titulua.

Amaia Arregi Bilboko alkateak eta Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziak UNICEFen EAEko batzordeko ordezkariak hartu dituzte: Joseba Madariaga presidente izendatu berria, Elsa Fuente eta Isidro Elezgarai.

Konpromiso honen testuinguruan egindako ekintzen artean, Ume eta Nerabeen Udal Kontseilua Udalaren beste tresna bat da Bilboko ume eta nerabeen parte-hartzea bultzatzeko. Ordezkariak urtean birritan biltzen dira osoko bilkuran, eta, gainera, lan-batzordeetan parte hartzen dute. Era horretan, udal jarduna ebaluatzen dute, eta hiria hobetzeko interesgarriak eta beharrezkoak iruditzen zaizkien proiektuak aurkezten dituzte. Horretarako, udal sailen eskutik lan egiten dute eurek planteatzen dizkieten erronketan.

Ekintza horiek guztiak Bilboko Ume eta Nerabeen II. Udal Planaren barruan daude, 2025era arte indarrean. 188 udal ekintzak osatzen dute plana, 18 urtetik beherako bilbotarrentzat, Bilboko ume eta nerabeen erronkei erantzuteko asmoz. Horretarako, adingabeen ongizatea, eskubideak eta bizi-kalitatea bermatzen dituzten printzipioen inguruko zenbait jarduketa egiten dira. Dokumentu hau Kontseiluko kide diren 46 haurren eta nerabeen parte-hartzearekin ondu zen, eta aldez aurretik 1.000 haur eta neraberen ekarpenarekin egindako diagnostikoa kontuan hartu zen.