Bilboko Udalak martxan jarri ditu Aste Santuan garatuko dituen umeentzako aisialdiko programak. Bi txanda egingo dira aurten, lehenengoa martxoaren 25etik 27ra bitarteko astean eta bestea apirilaren 2tik 5era bitarteko astean. Datorren ostiralean, otsailaren 9an, irekiko da izena emateko epea. Udalaren eskaintza 3 eta 11 urte bitarteko neskato-mutikoei zuzenduta dago.

Eskaera Bilboko Udalaren helbidean eta 010/944 010 010 Udalaren informazio-telefonoan egin daiteke, eta plazen zozketa publikoa otsailaren 15ean egingo da, Gazteria eta Kirol Sailaren egoitzan, Sabino Arana kaleko 50ean. 

Zozketaren emaitzen kontsulta otsailaren 16tik aurrera egin ahal izango da, eskaera egiten den puntu berberetan, eta plaza lortu dutenek otsailaren 16tik 19ra eman ahal izango dute izena.

Bilboko Udalak proposatzen dituen jardueren xedea da hezkuntza ez-formala lantzeko espazio bat eskaintzea, aisialdiko jarduerekin ondo pasatzeko aukera emanez. Programa horien bidez, Bilboko Udalak lana eta familia-bizimodua uztartzeko modua eskaintzen du, eta umeei aukera ematen die trebetasun eta joko berriak ezagutzeko eta euren inguruneko beste adingabe batzuekin harremanak egiteko, betiere modu seguruan.

Izena emandakoan, prezioa ordainduz formalizatuko da plaza. Hauek dira prezioak: martxoko astean, 13,60 euro; 10,00 euro familia ugarientzat eta/edo guraso bakarrekoentzat; eta 4,80 euro diru-sarrerak bermatzeko errenta edo bizitzeko gutxieneko sarrera jasotzen dutenentzat. Apirileko lau egunetarako, ordea, hurrenez hurren, 10,20 €, 7,5 € eta 3,60 €.

Itxaron-zerrendan geldituz gero, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Sailaren Umeen Gaietarako Zerbitzuak joko du interesatuengana, itxaron-zerrendaren hurrenkerari jarraituz.

Aurtengo jarduerak ohikoak ez diren lanbideetan oinarrituko dira. Irudi-aholkularien, ornitologoen, dastatzaileen, bikoizleen, uharte-zaindarien edo kaligrafoen mundura hurbilduko dira, eta, eguraldi lagun, jarduerak espazio irekietan egingo dira, betiere programaren egoitzatik gertu.

3 eta 11 urte bitarteko adingabeek parte hartu ahal izango dute, 3 adin-tartetan banatuta: 2012-2014, 2015-2017 eta 2018-2020 bitartean jaiotako haurrak. Euskara izango da komunikazio-hizkuntza nagusia.

Martxoaren 25etik 27ra bitarteko astea edo apirilaren 2tik 5era bitarteko astea aukeratu ahal izango da; ordutegia, ordea, 09:00etatik 14:00etara izango da eta sartzeko eta irteteko malgutasuna egongo da (sartu 09:00-09:30 eta irten 13:30-14:00).

Programak Deustu, Castaños, Begoña, San Frantzisko, Abusu, Abando, Irala eta Basurtuko udaltegietan egingo dira. Baita Otxarkoagan eta Zorrotzan ere. Aurten, aurreneko aldiz, Itxaropen kaleko eraiki berrian ere egingo dira jarduerak.