Bilboko Segurtasunaren aldeko itunean proposatu ziren neurri guztiak bete egin dira. Horrela azaldu egin zuen asteartean Amaia Arregi Segurtasuneko zinegotziak, zeinak Juan Mari Aburto alkateak zuzendu egin duen plan honen balantzearen datuak eman zituen.
Ikuspegi kuantitatibotik, itunean jasotako 35 neurriak ezartzea lortu da. Hala ere, ebaluazio kualitatiboa askoz ere esanguratsuagoa da, segurtasunaren kultura sakonki eraldatzeko aukera eman baitu itunak. Eraldaketa horrek, besteak beste, zenbait funtsezko balio txertatu ditu segurtasun-politiketan eta Bilboko Udaltzaingoaren antolaketan; adibidez, hurbileko polizia, herritarren parte-hartzea, kontu-ematea, prebentzioaren ikuspegia edo kolektibo kalteberenen babesa.
35 neurri
2018-2023 aldirako Segurtasunaren aldeko Itunaren baitan, hura osatzen zuten 35 neurriak diseinatu, planifikatu eta gauzatu dira. Prozesu horretan, zenbait eragile gakok hartu dute aktiboki parte; besteak beste, udal-sail batzuek, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak, askotariko motatako elkarteek, biktimek eta enpresek.
Prozesu erabat berriei ekin zaie; esaterako, herritarrek parte hartzeko sistemak jarri dira martxan. Sistema horien barruan, aipatzekoak dira auzoetako segurtasun-tailerrak –14 guztira– eta haiei lotuta auzoka eratu diren herritarren segurtasun-taldeak.
Gainera, 250 agente operatibo baino gehiago kontratatu ditu Udaltzaingoak –ia 900 agente daude orain–, eta, horri esker, agente gehiago daude kalean, eta bizilagunek babes eta segurtasun-pertzepzio handiagoa dute.
Halaber, itunari esker, Biktimei Laguntzeko Unitatea eratu da; emakumeentzako, adinekoentzako eta bereziki kalteberak diren beste kolektibo batzuentzako arrisku-egoerak goiz detektatzeko protokoloak sortu dira, eta ahalegin handia egin da egoitza berriak berrantolatu eta irekitzeko. Ildo horretatik, Bosgarren Barrutiko Ikuskaritzaren egoitza berria jarri da abian (2019ko martxoa), Mariaren Bihotza plazan; Begoñako Ikuskaritza handitzeko eta hobetzeko obrak egin dira (2019ko abenduan), eta Abandoko (2021eko azaroa) eta Deustuko (2022ko azaroa) ikuskaritzak inauguratu dira.
Bestalde, Bilboko Udaltzaingoaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana eta Merkataritzako Segurtasunerako Plan Orokorra onartu dira azken urteotan.
Segurtasunaren pertzepzioa, gorantz
Segurtasunaren pertzepzioari eta biktimizazioari buruzko azterlan demoskopikoak egitea Segurtasunaren aldeko Itunaren baitan hartutako konpromisoetako baten parte da.
Azterlan hori sortu zen uriko bizilagunei zeregin nagusi bat ematearren Herritarren Segurtasuneko politiketan, eta haren printzipio gidariak dira, besteak beste, gizartearen esparru guztietan duintasuna eta berdintasuna bermatu beharra, gardentasuna, delituen prebentzio hobea eta legez kontrako edozein egintzaren aurreko irmotasuna.
2023ko iraileko azken txosteneko datuen berri ere eman da astearte goizeko bileran. Ondorio nagusietako bat da segurtasun-pertzepzioak gora egin duela Bilbon (10etik 6,32ko puntuazioa). Urteko notarik altuena da hori; izan ere, elementu horrek 6,29 puntu jaso zituen urtarrileko eta ekaineko inkestetan.