Astearte honetan goizean, abenduaren 5ean, Juan Carlos Eguillor artistaren familiak 'Bilbao' izeneko artelana laga dio Bilboko Udalari. Erakusketa ikusgai egongo da La Bolsa Udaltegian. Ekitaldian Amaia Arregi alkateordeak, Eider Inunziaga Euskarako, Herritarren Arretako eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak eta Itziar Urtasun Kulturari eta Gobernantzari atxikitako Jaietako zinegotzi eta 5. Barrutiko Kontseiluko presidenteak hartu dute parte.
Proposamena jaso zuenean, obra eraikinaren toki ikusgarri batean kokatzea erabaki zuen Udalak, eta, xaflaren tamaina eta ekipamenduaren berezitasunak ikusita, lehen solairuko ekitaldi-aretoan jartzea erabaki du; hain zuzen, espazio hori askotariko gaietako dibulgaziorako eta hausnarketarako espazio oso erabilia da Bilbon.
Margolariaren lagun eta ezagunek sortutako “El Perro Chico, Eguillor eta abar” kofradiak sortzailearen lana zabaldu eta aintzatesteko egindako proiektu eta jardueren barruan dago Bilbao obra.
Hala, denbora batez gordeta eduki eta gero, elkarteak, sortzailearen familiarekin harreman zuzena izanik, erabaki zuen artelana Udalari ematea, ilustratzaileari buruzko ezagutza zabaltzen jarraitzeko. Lagapen hori Eguillorren balioa, garrantzia eta zeregina aitortzeko modu bat da, eta, beraz, artelanari kokapen adierazgarri bat bilatu nahi izan zaio, diseinatzailearekin lotua eta herritarren interesekoa.
Diziplina anitzeko artista, bere garaira aurreratua
Bilbo oso garrantzitsua izan zen Juan Carlos Eguillorren bizitzan. Unibertso oso bat marraztu zuen uriaren inguruan, eta, bere komikietan, ezkutuan gorde ohi ziren arazoei buruz idatzi zuen, eta barre eragitea lortu. Teknikoki, Eguillor diziplina anitzeko artista zen, artean termino hori ezezaguna zen garai batean. Berritzailea izan zen, bere garaira aurreratua: orduan garatu gabe zeuden prozedurak txertatu zituen bere lanetan, hala nola fotokopiak eta irudi digitalak. Artista benetan berezia izan zen, eta ekarpen handia egin zion euskal komikigintzari eta ilustrazioari, bai eta beste diziplina batzuei ere.
2020an, Bilboko Arte Ederren Museoak artistaren obraren zati handi bat bereganatu zuen, eta “ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa” erakusketan jarri zuen ikusgai. 2009an, Getxoko Komiki Azokak aitorpena egin zion, eta, 2003an, Marino Monterok Txikitero Artean elkarteak ematen duen Ohorezko txikito saria eman zion. Eguillorren lana Bilboko kaleetan dago, “El Perro Chico, Eguillor eta abar” kofradiak bultzatutako hainbat ekimeni esker; adibidez, Eguillorrek 1978an marraztutako Bilboko jaietako lehen kartelaren zeramikazko erreprodukzioa dago, eta, Plaza Berrian, Bilboko memoria marraztu zuen artista horma-irudia daukagu.
Eguillorren lanaren zati bat “Books of Angels” erakusketan egon zen ikusgai Expo Gelan eta La Bolsa udaltegiko geletan. Horrez gain, Bilbao Historiko erakundeak Eguillorren ibilbidea diseinatu zuen Bilboko kaleetatik. 2020an, "Eguillor inédito" izeneko hitzaldia egin zen Azkuna Zentroan. Eta ezin daiteke ahaztu Agur Amante liburuaren edizio zaindua, zeinak 1985ean artistak El Correon argitaratutako komikiak biltzen baititu.
Eguillor Bernardo Atxagarekin aritu zen Pott fanzinean 1978an, eta Euskadi Sioux aldizkari alternatiboan parte hartu zuen 1979an. Bertan, Atxagarekin eta beste artista batzuekin lan egin zuen, hala nola Iván Zulueta, Rafa Castellano, Josu Bilbao, Maya Aguiriano, Antton Olariaga, Jon Zabaleta eta Vicente Ameztoyrekin.
Lehena izan zen Espainian animaziorako ordenagailua erabiltzen (1986); komikiak argitaratu zituen Estatuko prentsan eta aldizkarietan; liburuak ilustratu zituen; diseinatzaile grafiko gisa lan egin zuen; erakusketak egin zituen hainbat galeriatan, eta antzerkia idatzi zuen. Luis Gascak eman zion bere lehen aukera handia 21 urte zituela eta inork artean ez zuela bere potentziala ikusten. Orduan, ate bat zabaldu zion komikigintzaren munduan, El Correo egunkarian hasi baitzen 1968ko apirilaren 14an. Gaur egun, data hori mugarri bat da euskal komikigintzaren historian; izan ere, ordura arte Estatuko egunkariek ez zuten komikirik argitaratzen astero orrialde osoko tamainan. Abangoardiako lan baten mailako erabaki aitzindaria izan zen hori egitea.