Bilboko ikastetxeek Miribillako suhiltzaileen parkera bisita gidatuak egin ahal izango dituzte. Babes Zibilerako Zuzendaritzak suteetan hartu beharreko autobabes-neurriak sustatu nahi ditu, eta horretarako ekimen berezi hau bultzatuko du Udalak. Helburua da prebentzio-kontzientzia sortzea arlo horretan, eta horrelako egoeretan segurtasun pertsonala eta kolektiboa lehenetsiko dituzten jarrerak sustatzea, besteak beste.
Hala, suhiltzaileen kidegoko langileek autobabesaren oinarrizko kontzeptuei buruzko ezagupenak emango dizkiete parte-hartzaileei, euren prestakuntza-zentroetan eta ohiko ingurunean ager daitezkeen arriskuak antzemateko gai izan daitezen. Era berean, arrisku horiek saihesten eta horien ondorioak murrizten saiatzeko jarduerazko eta portaerazko jarraibideak azalduko dituzte.
Adibidez, aztertzen da zeintzuk diren su-arriskuen sorguneak eta horiei aurre egiteko metodo egokienak, ikasleek –eta baita irakasleek ere– behar diren trebetasunak izan ditzaten larrialdietan jarduteko, arrisku-egoera baten aurrean tentsioa murrizteko eta erabakiak bizkortasunez hartzeko.
Gainera, Bilboko suhiltzaileen tresnak eta bitartekoak ezagutzeko aukera izango dute.
Ostegunetan, urritik ekainera
Jarduera hori 9 eta 12 urte bitarteko ikasleentzat prestatu da, baina bestelako ikastetxe edo taldeentzat ere (Hezkuntza Berezia, adineko pertsonak...) irekita dago. Zati bi izango ditu: ikasgelako prestakuntza eta hangarrera egingo den bisitaldia; eta gutxi gorabehera bi orduko iraupena izango du. Eguenetan egingo dira, urritik ekainera bitartean.
Izena emateko eskaera Bilboko Babes Zibileko eta Suhiltzaileen Eskolaren bitartez egin behar da, eta beti ikastetxearen arduradunaren baimena izan behar du. Harremanetan jartzeko, nahikoa da eskaera mezu elektroniko baten bidez bidaltzea honako helbide honetara: escuelabomberos@bilbao.eus.