Zabalbide kaleko ur biltegi zaharra erromesen aterpetxe moderno bihurtzeko obrak hasi dira
Bilboko Udalak 3.827.481,26 euroko aurrekontua, BEZ barne, bideratuko du Zabalbide kaleko ur biltegi zaharra erromesen aterpetxe moderno bihurtzeko. Proiektu hori gauzatzeko lanak aste honetan hasi egin dira. Lan horiek hamabost hilabetez luzatuko dira.
Diru-zenbateko horren zati bat, 2.648.448 euro, ekonomia bultzatzeko europar fondoetatik –NEXT GENERATION– dator. Zehazki, Xacobeo destinoetako turismo-jasangarritasuneko planen deialditik datoz.
Bi solairu eta hirurogei lagunentzako lekua
Eraikina Jesus Galindez etorbideko 1.an dago –Txurdinaga eta Begoña auzoen artean–. Ur-biltegi zaharra eta ekipamendu hidraulikoa dauzka, eta, ondoan, bulego-eraikin bat. Erantsitako eraikina eraitsi egingo da, eta eraispen teknikoak ere egingo dira ur-tanga zaharrean (irekia izango da), ekipamendu berrirako sarbidea hortik egingo da-eta.
Era berean, biltegia estalkirantz irekiko da erabat, argi zenitala duen patio zabal gisa erabili ahal izateko; eta ur-tangaren beraren barruan –iparraldeko muturrean– zurezko eraikin berri bat eraikiko da, 970 metro koadroko azalera izango duena.
Azpiegitura berriak beheko, lehenengo eta bigarren solairuak izango ditu. Gainera, barruan 500 metro karratuko patio bat edukiko du, lorategiarekin, eta estalkian lorategi-terraza handi bat, 1.150 metro koadroko azalerakoa.
Hirurogei erromes hartu ahal izango ditu aldi berean, hogeita hamarna plazako bi gelatan.
Zehazki, beheko solairuan espazio orokorrak jarriko dira: harrera, egongela, sukaldea, jantokia eta komunak (komun egokituak ere bai).
Lehenengo solairuan 30 oheko logela bat egongo da, eta ondoan komun-gune bi: horietako bakoitzean, 4 dutxa, 3 komun-ontzi eta 4 konketa.
Bigarren logela bigarren solairuan egongo da. Solairu honetan, gainera, arropa garbitzeko gela, langileentzako bi gela eta komunak egongo dira; hain zuzen ere, komun-gune bi: horietako bakoitzean, 4 dutxa, 2 komun-ontzi, 4 konketa eta komun egokitu osoa. Bigarren solairu hori estalkiaren mailan egongo da; bertan lorategi-terraza handi eta irisgarri bat proiektatu da.
Donejakue Bidea bizikletaz egiten duten erromesen bizikletak gordetzeko lekua izango du aterpetxe berriak, sarrerako bebarruan. Era berean, bizikleten mantentze-lanetarako eta garbitzeko espazioak eta bizikleta elektrikoak kargatzeko harguneak izango ditu.
Kode Teknikoak ezarritako segurtasun-baldintzak uneoro bermatuko dira eraikuntzan egiturazko segurtasunari, suteen aurkako babesari, ebakuazio-bideei eta irisgarritasun unibertsalari dagokienez.
Gainera, % 100 jasangarria izango den eraikin bat egitea aurreikusten da, erabiltzaileei ongizatea eta ingurumen-inpaktu positiboa eskainiko diena (urak berrerabiltzea, zuhaitzak eta barneko eta kanpoko landaredia sartzea, energia fotovoltaikoa sortzea, energia-sistemen monitorizazioa kontsumoa optimizatzeko, material birziklatu eta birziklagarriekin eraikitzea, energia-kontsumo ia nulua, etab.).
Donejakue Bidea Bilbon
Instalazio bat erromesen aterpetxe izan ahal izateko, Donejakue Bidearen ibilbide ofizialetik edo aitortutako aldaeretatik gehienez ere bi kilometrora egon behar da.
Kasu honetan, 200 metro eskas egongo dira azpiegituratik Iparraldeko Bidearen trazadurara. Ibilbide hori Artxandako magaletik Begoñan zehar sartzen da Bilbora, Mallonako bidarrietatik jaisten da eta Zazpi Kaleetatik, San Antonetik, San Frantziskotik eta Autonomiatik igarotzen da. Azkenik, Basurtu-Kastrexana errepidetik irteten da Bilbotik.