Urtero bezala, nazioarteko piroteknia-konpainiarik onenak lehiatuko dira abuztuaren 19tik 26ra bitartean ospatuko den Aste Nagusiko Bilbo Hiria Su Lehiaketaren XXXI. edizioan. Bestalde, azken gauean, hilaren 26an, larunbata, Arabako Pirotecnia Valecea konpainiak erakustaldi bat proposatuko du.

Horrela, 22:30etik aurrera, Aste Nagusiko gau guztietan, piroteknia konpainiek Bilboko zerua argituko dute eta larunbatetik ostiralera Bilbo Hiria Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketaren XXXI. edizioa ospatuko da.

Urtero lehiaketak ematen dituen bi sariak lortzen saiatuko diren pirotekniak, Publikoaren Saria eta Epaimahaiaren Saria, honako hauek dira:

  • Abuztuak 19, larunbata: Pirotecnia Devita (Oviedo)
  • Abuztuak 20, igandea: Pirotecnia Minhota LDA (Portugal)
  • Abuztuak 21, astelehena: Caballer FX, S.L. (Valentzia)
  • Abuztuak 22, asteartea: Aquarêve (Frantzia)
  • Abuztuak 23, asteazkena: Pibierzo Piroteknia (Leon)
  • Abuztuak 24, osteguna: Pyrotex Fireworx (Erresuma Batua)
  • Abuztuak 25, ostirala: Pirotecnia del Mediterráneo (Valentzia)

Jaietako azken gauean, abuztuaren 26an, Valecea Pirotekniak (Araba) erakustaldia egingo du 22:30etik aurrera.

Publikoaren saria

Aurten, tradizioa den bezala, herritarrek ikuskizun piroteknikoak baloratzeko aukera izango dute, Bilbo Hiria Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketaren hogeita hamaikagarren edizioan aktiboki eta zuzenean parte hartuz. Nahi dutenek gustukoen izan duten ikuskizuna aukeratu ahal izango dute, botoa emateko aukera baten bitartez eta lehiaketaren babesleek emandako sariak eskuratu ahal izango dituzte.

Horrela, botoak "Bilbao Aste Nagusia 2023" aplikazio mugikorraren bidez jasoko dira – aplikazioa App Store-n eta Google Play-n deskarga daiteke – edo abuztuaren 19tik 26ra El Correo egunkarian argitaratuko diren parte-hartze kupoien bidez.

Epaimahaiaren saria

Lehiaketaren Epaimahaia Aste Nagusiko azken egunean jakinaraziko du nor izango den irabazlea, 27an, igandea, eta honako hauek osatzen dute: Itziar Urtasun presidentea, Jaietako zinegotzia; Euskalteleko kide bat; Bilboko Konpartsetako bi; Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko bat; Corte Ingleseko bat; El Correo egunkariko bat; eta nazioarteko ordezkari aditu bat. Gainera, Valecea Pirotekniako ordezkari bat, epaimahaiari aholkuak emateaz arduratzen dena.

Aurreko edizioetan bezala, oraingoan ere Epaimahaiak hainbat elementu hartuko ditu kontuan eztabaidatzeko:

  • Aire-espazioaren okupazioa.
  • Koloreen garbitasuna, intentsitatea, distira eta iraupena.
  • Barietate kromatikoa, argitasuna, dimentsioak, formen diseinua eta perfekzioa, dotorezia, efektuen aniztasuna, sonoritatea, ingurunearekiko lotura, originaltasuna, erritmoa eta publikoaren onarpena.

Segurtasuna indartzea

Bilboko Udaleko Su Itzaltze Zerbitzuak su artifizialen ikuskizunei lotutako segurtasuna indartzea erabaki du. Horregatik, hainbat neurri hartuko dira:

  • 125 milimetroko kalibreko su artifizialak: jaurti beharreko lehergailuen karkasak 125 milimetrokoak izango dira (orain arte jaurtitzen zirenak, 150 milimetrora irits zitezkeenak, eta gutxitan 175era).
  • Jaurtiketa-eremu urrunago eta hesiz babestuago bat mugatzea: lehergailu piroteknikoak belar artifizialeko futbol-zelaitik botako dira, Mallonaren atzealdean.
  • Aireko kontrol-zerbitzu bat erabiltzea: droneak: dronen bidezko hegaldiak egingo dira, prebentzioz, suteen balizko konatoak edo puntu beroak detektatzeko, suak jaurtitzen diren bitartean eta ondoren, gutxienez 30 minutu geroago. Informazio guztia bideoetan jasoko da, artxibatzeko edo, gorabeherarik izanez gero, kontsultatzeko.
  • Suhiltzaileen kamioia lekuz aldatuko da, San Agustinetik Itxaropena eta Epaltzaren Alarguna kaleen ingurura pasatuz.

Su artifizialak eteteko protokoloa

Batez beste 100.000 lagun baino gehiago espero dira gauero, su artifizialak jente gehien mugitzen duen Bilboko Aste Nagusiko ospakizunetako bat dira. Ildo horretan, horien guztien segurtasuna bermatzeko, Bilboko Udalak beharrezko segurtasun-protokoloa aktibatuko du.

Horrela, seigarren urtez, 989/2015 Errege Dekretuak (piroteknia-gaien eta kartutxoen erregelamendua) sua bertan behera uztera behartuko luke haizeak 36 km/h-ko abiadura gainditzen badu. Horretarako, Udalak dispositibo berezi bat aurreikusi du, beharrezkoa izanez gero herritarrei baliogabetze baten berri emateko.

Era berean, Bilboko Udaleko Babes Zibileko, Jaietako eta Komunikazioko langileek, Areatzan Bilboko Konpartsen, Gogorregi Konpartsaren (Pio Baroja eta Uribitarte aldean), Berastegiko txosnen, azoka-egileen eta Zirkuaren (Etxebarria parkean), eta Metro Bilbao, Bilbobus, Bizkaibus, Euskotren eta Euskotran eta Renferen laguntzarekin, segurtasun handiagoa bermatzeko eta edozein aldaketaren edo larrialdiren berri ahalik eta lasterren emateko beharrezko koordinazioa aurreikusi du Udalak.

Baldintzek sua bertan behera uztera behartuko balute, ikuskizuna hastean honela jakinaraziko litzaieke herritarrei:

  • Jai-esparruetan, megafoniaz, etenaldia iragartzen duen mezu bat entzungo da.
  • Megafoniaren bidez edo MetroBilbao, Euskotren eta Euskotran, Bilbobus, Bizkaibus eta Renferen informazio-panelen bidez ere ohartaraziko litzateke.
  • Udaleko sare sozialen bidez jakinaraziko da.

Suak ikusteko tokirik onenak

Ikuskizun piroteknikoez ahalik eta gehien gozatzen laguntzeko, Bilboko Udalak itsasadarraren ezkerraldea gomendatzen du, Nafarroa kaletik Uribitarte pasealekuraino, ikuspen onena duen gunea baita.

Bestalde, leku batzuetan ikuspena partzialki murrizten da, hala nola Arriaga plazan, Areatzako gune batzuetan, Ernesto Erkoreka plazan, Campo de Volantin pasealekuan, Etxebarria parkean eta Uribitarte pasealekuan, Zubizuritik Guggenheim Bilbao Museoraino. Zentzu horretan, su artifizialen ikuskizunak egiten jarraitzeko gutxien aholkatzen diren eremuak Areatzako, Zubizuriko eta Udaletxeko zubiak dira, eta hortik, gainera, nolabaiteko zailtasuna dago altuera txikiko eta lurreko suak deiturikoak ikusteko.

Aipatu behar da adingabeekin edo mugitzeko arazoak dituzten pertsonekin joanez gero, Bilboko Udalak arreta handiz jokatzea gomendatzen duela ikusle kopuru handia dagoelako, bereziki Udaletxeko zubian, Zubizuri zubian eta Areatzako zubiaren tartean, Ripa kalearen eta Areatzako kaiaren artean.