Bilboko Udalak ezagutzera eman ditu dagoeneko Abandoko Geltokia lurperatu ostean Abandoko Eremua Antolatzeko Proiektuen Epaimahaidun Lehiaketaren bigarren fasean parte hartuko duten bost talde finalistak.

Lehiaketara aurkeztu ziren talde hautagaien merezimenduak xehero aztertu eta baloratu ondoren ––guztira hamaika aurkeztu ziren––, honako hauek jaso dute puntuaziorik handiena, hurrenkera honetan:

  • BAU-B Arquitectura I Urbanisme/ FULCRUM
  • IDOM Consulting Engineering Architecture, S. A.
  • OVE Arup & Partners SAU/ Arquitectura Agronomia, S. L. P/ G&C Arquitectura y Urbanismo.
  • Batlle I Roig Arquitectura /Suarez-Santas Arquitectos
  • Zaha Hadid Architects.

Bilboko Udalak proiektuen lehiaketa epaimahaidunerako deialdia egin zuen martxoan, Abandoko geltokiaren eremua antolatzearren behin Abiadura Handiko Trenaren lurpeko trenbidea eta geltokia burututakoan.

Guztira, 130.000 metro koadro inguruko azaleran esku hartuko da, eta Hurtado de Amezaga, García Salazar, San Frantzisko eta Bailén kaleen arteko lursailak sartzen dira azalera horretan, baita Cantalojaseko lubakiaren espazioa ere, Xenpelar kalearekin bat egin arteko tartea.

Beraz, Udala hasia dago jada uriko aukera-espazio handienetako baten etorkizuna planifikatzen, ez bakarrik hirigintzaren aldetik, baita ere proiektu honek gizartearen kohesioaren aldetik ekarriko duenaren aldetik eta trakzio ekonomikoa eragiteko izango duen ahalmenaren aldetik. Eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak egindako lanarekin batera egiten du. Izan ere, Ministerioak otsailean eman zion behin betiko onarpena trena Abandoko geltokira lurpetik iristeari buruzko informazio-azterlanari eta, ondoren, proiektua idazteko lehiaketarako deia egin du.

Izan ere, deialdi honen bidez, Udalaren asmoa hauxe da: “gure uriko erreferente metropolitar handi berria izango dena definitzea eta sortzea, gure lehiakortasuna indartuko duen benetako gune kohesionatzaile eta traktore bat, geltoki berriarekin sortzen diren aukera-espazio berrietatik abiatuta”.

Hala, hauek dira lehiaketaren irabazle suertatuko den proposamenarekin lortu beharreko printzipio inspiratzaileak:

  • Gizarte-kohesioa.
  • Lurralde-kohesioa.
  • Kohesio ekonomikoa.
  • Proiektua Abandoko lurpeko geltokiarekin integratzea, besteak beste, ganga historikoa eta geltokiko beiratea kontserbatuz.
  • Erreferentzia sozial, kultural eta ekonomikoa izango den metropoli-espazio bat sortzea.
  • Hurbileko zerbitzuak osatzea eta dagoen ehuna integratzea.
  • Uriaren hiri-diseinuan balioa sortzea.
  • Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, teknikoa, soziala eta ingurumenekoa lortzea.

Ondare babestua eta parke zentral handia

Antolamendu-eremu horretan sortuko diren espazioek eta eraikinek espazio giltzarri eta erreferente bat eratu behar dute uriko bizitza sozialean eta ekonomikoan, eta inguruneko, uriko eta lurraldeko errealitate sozial batzuek eta besteek honela hauteman behar dute espazio hori: interakzio eta jarduera sozial eta kultural handiak gertatuko diren lekuaren gisa.

Hori dela eta, antolamenduak bidea eman behar du balioaniztasunerako eta erabilera anitzetarako, hartara uriko ekitaldi handiak egin ahal izateko han, eta eremu horretara hedatu ahal izateko trakzio-ekipamenduetan garatuko diren jarduerak eta sustatu beharreko erabilera ekonomikoak. Hori dena zehaztu behar du proposamenak.

Antolamendu malgu bat lortu nahi da, eskari aldakorrak izango dituen etorkizun dinamiko baten aurrean erabilerak egokitzeko aukera emango duena, eta ondare babestua barne hartuko duena, alegia: ganga —etorkizuneko garapenean lehentasunezko protagonismoa eta garrantzia izan beharko du—, Concordiako geltokia eta Particular del Norte kaleko antzinako industria-pabiloien fatxadak.

Antolamenduan, gainera, parke handi bat sartu beharko da, 3,5 hektareatik gorako berdegune gisa, espazioaren berezitasuna indartzeko eta, aldi berean, haren dinamizazio sozialerako eta kulturalerako bidea emango duena.

Era berean, Bilboko hiri-parke handien sarea indartu beharko du, eta inguruko auzoetako espazio libreen hornidura hobetu. Horretarako, gainerako hiri-bilbeekin eta eremu publiko mugakideekin daukan harremana aztertu beharko da, funtzionaltasun- eta irisgarritasun-irizpideen arabera.

Garrantzitsutzat jotzen dira, halaber, sortuko den espazioaren eta Itsasadarraren arteko harremana eta loturak, Itsasadarraren inguruan sortutako sinergiei balioa emateko (jarduerak, fluxuak…).

Epeak eta sariak

Bost talde finalistek jaso dute dagoeneko gonbidapen-gutun bat, eta han azalduko zaie zer epe duten proposamenak aurkezteko (2023ko urriaren 31ra arte).

Lehiaketaren balioa 338.842 eurokoa dela (BEZ aparte) jo da, zenbateko hauen arabera:

  • 26.446,28 euro eramango ditu talde irabazleak.
  • Bigarren sailkatuak 9.917,35 euro jasoko ditu.
  • Hirugarrenak, berriz, 5.785 euro jasoko ditu.
  • Laugarren eta bosgarren sailkatuei, bestalde, 1.652,89 euro ordainduko zaie, gastuak konpentsatzeko.
  • Azkenik, ondoriozko zerbitzu-kontratuaren balioa 293.388,43 eurokoa dela jo da.

Kontratu horren arabera, talde irabazleak Abandoko Masterplana garatuko du, honako hauek barne hartuta: hiri-antolamendu xehatua, proposatutako antolamenduaren alternatiben edo aldaeren aldez aurreko azterketa, hiri-antolamenduaren garapena, Urbanizazio Aurreproiektuaren idazketa, elementu grafiko eta dokumental lagungarriak eta hori guztia ulertzea erraztuko duen 3D materiala eta ikus-entzunezkoa, bai eta lehiaketaren maketa eguneratzea ere.